Etxebizitza

Arriola sailburuak etxebizitza legea «aplikatzeko asmoa» azaldu du

Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua ez dator bat Eusko Jaurlaritzak Espainiako Etxebizitza Legeari jarritako helegitearekin. Dioenez, «ahalegin guztiak» egin behar dira gatazka judiziala eragozteko

IIñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua, atzo emandako prentsaurrekoan. IREKIA.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Donostia
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak argi utzi du ez datorrela bat Eusko Jaurlaritzak Espainiako Etxebizitza Legeari jarritako helegitearekin. Legea gaur-gaurkoz «bizirik» dagoela baieztatu du. Baita Etxebizitza Sailak «aplikatzeko asmoa» duela eta «lanean» diharduela ere. Asteazkeneko Gobernu Kontseiluan onartu zuten Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztea. PSE-EEko hiru sailburuek, baina, aurka egin zuten, besteak beste Arriolak berak.

Arriolak atzo hitz egin zuen gaiaren inguruan lehen aldiz, Euskadiko Arkitektura Institutuan, Donostian. Oraingoz, tentsio handiko eremuak izendatzeko mozioak jasotzen jarraitzen du Etxebizitza Sailak. Esaterako, atzo onartu zuten mozioa Irungo Udalean (Gipuzkoa) eta, herenegun, Donostiak prozesu horri ekiteko tramiteak hastea erabaki zuten udalbatzarrean. Arriolak azaldu duenez, arlo horretan «lanean» ari da haren esku dagoen saila. Jakinarazi du tentsio handiko eremuak izendatu aurretik estatistikak eskuratu eta aurrerapausoak eman behar direla: «Gu lanean ari gara hori posible izan dadin». Alde horretatik, udalen zeregina funtsezkoa dela adierazi du: «guretzat garrantzitsua da haien jarreraren eta asmoen berri izatea», eta Donostian eta Irunen ez ezik, Errenteriako eta Eibarkoudaletan ere (Gipuzkoa) mozioak onartzen ari direla jakinarazi du.

Bestalde, gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak 2015ean onartutako etxebizitza legea ere indarrean dagoela: «Euskadin, gure etxebizitza lege propioa ere badaukagu, oso aurreratua da, eta hori aplikatzen dugu gaur egun». Arriolak azaldu duenez, Espainiako lege berria martxan jarriagatik ere, EAEko legeak indarrean dirau eta, gainera, legeari eta tokiko erakundeei «erreminta berriak» eskainiko dizkiete.

Hori dela eta, sailburuak ez du bat egiten Jaurlaritzak helegitea jartzean emandako argudioarekin. Legeak Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren eskumenak urratzen dituela arrazoitu baitzuten errekurtsoa aurkeztea onartzean. Arriolaren arabera, baina, Espainiako Etxebizitza Legeak autonomia erkidegoen eskumenak errespetatzen ditu: «Ez du ezer inposatzen». Kontrara, legeak tokiko instituzioei «ahalmen eta tresna berriak» ematen dizkiela zehaztu du; hala nola «alokairuen prezioak mugatu ahal izateko». Sailburuak aditzera eman duenez, gainera, legeak hauxe dio «behin eta berriz»: «Legean jasotako zehaztapenak gauzatuko dira autonomia erkidegoek hirigintzaren, etxebizitzaren eta lurralde antolamenduaren arloan dituzten eskumenei kalterik egin gabe».

Azaldu du Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztea ez dela «ustekabekoa» izan. Aldez aurretik ere jakina baitzen alderdi bakoitzak zer «jarrera» zuen legearen harira. Eta zera gehitu du: «Uste dut ahalegin guztiak egin behar ditugula gatazka judiziala eragozteko; eta espero dut gai hau aldebiko batzordean konpontzea, argitzeko dauden zalantzak argitu ostean».

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere «kontsentsua» erdiesteko asmoa adierazi du. Haren ustez, gatazka «ideologikoa» da, eta argumentu juridikoek «ibilbide laburra» dute. Halere, aurreko egunetan egin bezala, atzo ere adierazi zuen ez dagoela «arrakalarik» Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien artean.

PSE-EEko Arriolak eta Anduezak bezala, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak (EAJ) ere akordioak lortzeko asmoa adierazi du. Garamendik idazki bat bidali zion herenegun Espainiako Gobernuari. hartan, proposatu zuen bi gobernuak etxebizitza legeari buruz negoziatzen hastea. Arriolak eta Anduezak bezalaxe, Garamendik ere nabarmendu du«posible» dela ados jartzea. Horrela, sei hilabeteko epea izango dute adostasuna lortzeko. Orduan aurkeztuko baita formalki errekurtsoa. Garamendik adierazi zuen epe horren barruan «elkarrizketa bide guztiak» erabiliko dituztela.

Aitor Esteban EAJko diputatuak ere hitz egin du etxebizitza legearen inguruan. Hark, ordea, ez du bat egiten Garamendi alderdikidearen ikuspuntuarekin. Ez du uste modurik dagoenik PSOErekin ados jartzeko: «Ikusiko dugu ea batzordean interpretazio bateratu bat egiten dugun helegitea zehaztu aurretik, baina ez dut uste halakorik gertatuko denik».

Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean esan du etxebizitza legeari helegitea jartzea «normala» dela. Izan ere, diputatu jeltzaleak adierazi duenez, Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek esan dute «argi» dagoela legeak euskal instituzioen eskumenak urratzen dituela: «Lege bat onartzen den bakoitzean, Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek txosten bat egiten dute. Kasu honetan, argi zegoen legea autogobernuan sartzen zela. Hori horrela, normalena errekurtsoa aurkeztea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.