Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua pozik agertu da gaur Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroarekin Madrilen elkartu ostean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako AHTaren inbertsioari eusteko eskatu dio Arriolak Pastorri. Nahiz eta oraindik ez jakin AHTa egiteko inbertsioa zein izango den, itxaropentsu agertu da sailburua, "tren lasterra Espainiak duen proiektu garrantzitsuenetako bat" dela entzun ondoren. Oraingoz ez dute zifra zehatzik ezarri, nahiz eta Arriolaren esanetan horretarako "borondatea" badagoen. Sailburuaren ustez, AHTko lanak esperotako epean bukatuko dira, 2016an.
Arriolak adierazi du aurrerantzean bilera gehiago egingo dituztela, "konpromiso gehiago zehazteko".
AHTaz gain, beste proiektu batzuk ere aztertu dituzte gaurko bileran. Besteak beste, Pasaiako kanpoko portua, Lezoko (Gipuzkoa) eta Jundizko (Araba) plataformak.