Sei urte daramatza Nafarroan bizitzen, sei urte nahi duen tokian bizitzeko eskubidearen alde borrokan. Eta sei urte horma bat jotzen. Hourma Mohamed Laminsahararra da (Tinduf, Aljeria, 1979), eta naziotasuna bera bihurtu zaio Euskal Herrian bizitzeko oztopo. Espainiako Gobernuak ez dizkio Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak emandako paperak onartzen, eta, ondorioz, ezin du lan egin. Ezta etorkizuna planifikatu ere. Herenegun epaitu egin zuten Iruñean, eta kanporatua izateko arriskuan dago. Epaia bere aldekoa izanda ere, Euskal Herrian bizitzeko eskubidea ez du bermatua izango, kanporatzen ez badute ere horrek ez baitio inolako paperik ziurtatuko.
«Era guztietan saiatu naiz paperak lortzen, baina ez dizkidate eman nahi izan», dio, saminduta, Laminek. Ez alferrik, 2005eko martxoaren 30ean Alacanten (Herrialde Katalanak) lur hartu zuenetik, horretarako hamaika ahalegin egin ditu. Gero, Bilbora etorri zen, eta azkeneko bost urteotan Nafarroan bizi izan da.
Laminen egoera berezia da oso. Gurasoek herritartasun espainiarra dute, baita lau anaia-arreba zaharragoek ere. Berak, ordea, ez. Hourma 1979an jaio zen, Espainiak Mendebaldeko Sahara utzi eta kolonia Marokoren esku gelditu zenean. Eta horrek, senideen aldean, ezberdin egiten du Hourma. «Aita Poliziako sarjentua izan zen, eta Espainiako Defentsa Ministerioarentzat lan egin zuen. Orain, Espainian bizi da, eta pentsioa ere jasotzen du».
Alacanten herritartasun espainiarra eskatu zuen, baina ukatu egin zioten. Jaenen (Espainia) egoitza baimena eskatzen saiatu zen. Hor ere, ezetza. Nafarroara iritsita, inskripzio agiria galdegin zuen, agiririk ez duten atzerritarrei ematen zaiena. Ezetza berriro ere. «Gero, Jaenera joan, eta han eman zidaten. Baina Nafarroara itzuli eta berritzeko asmoa izan nuenean, ez zidaten onartu».
Izan ere, Espainiako Gobernuak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aitortu ez izanak ondorio zuzenak ditu sahararrengan. Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak ez ditu onartzen errepublikak emandako paperak —jaiotza, herritartasuna, aurrekari penalak—, eta Aljeriak, berriz, ez ditu errefuxiatu sahararrak herritar aljeriar gisa aitortzen, eta, ondorioz, ez die paperik ematen, pasaportea emanda ere. «Nafarroan aurkeztu ditzakedan paper bakarrak sahararrak dira. Eta paper horiek aurkeztu ditut nik bulego guztietan. Baina beti esaten didate Sahara ez dagoela herrialde gisa aitortua».
Errefuxiatu kanpalekuak
Lamin Tindufen jaio zen, Aljeriako errefuxiatu kanpalekuetan, eta han ezagutu zuen, haurra zela, Fronte Polisarioaren borroka. «Aita gerrara joaten zela oroitzen naiz, eta nola itzultzen zen sei hiletik behin. Baita irratitik hildakoen berri izaten genuela ere». 15 urterekin, Aljeriara joan zen ikastera, eta giza baliabideen kudeaketari lotutako unibertsitate ikasketak egin zituen. Errefuxiatu kanpalekuetan, ospitale batean, bi urtez lan egin ostean, aljeriar pasaportearekin eta Espainiako enbaxadak emandako bisarekin Europarako bidea hartu zuen.
Hor hasi zuenkalbarioa. Duela bi urte pasa errefuxiatu estatutua eskatu zuen, baina hori ere ukatu egin zioten. «Esaten didate Aljerian naizela errefuxiatua, eta Aljeriak pasaportea eman didala».
Espainiak Mendebaldeko Saharako herritarrak bakarrik utzi dituela uste du Laminek. «Ez gara existitzen. Eta Marokori men egiten diote. Espainiak Sahara herrialde gisa onartuko balu, Mohamed VI.ak hainbat neurri hartuko lituzke, eta Espainia ez dago horiei aurre egiteko prest. Eta guk ordaintzen dugu».Justizia hitzak ahituta dauka Lamin. «Justizia eske urteak daraman herri bateko parte naiz, eta ez dut sinesten justizian».
Duela urte batetik hona oinarrizko errenta jasotzen du, eta horrekin gelaren alokairua eta jatekoa ordaintzen ditu. Aurretik senide eta adiskideek laguntzen zuten. Egun, bikotekidea ere iruindarra dauka Laminek, eta bera bihurtu da bere babesik handiena.«Familia osoak espainiar naziotasuna du. Neska-lagunak ere bai. Baina nik ez. Esaten didate ezkontzeko eta horrekin konponduko dudala arazoa. Baina ez dut behartuta ezkondu nahi, eta are gutxiago paper batzuk lortzeko».
Egoera horrek ez du eraginik izan haren sentipen sendoetan. Saharar dauka bere burua, eta hori defendituko du aurrerantzean ere: «Ez naiz aljeriarra; ezta marokoarra ere. Eta ez da nire helburua espainiarra izatea ere. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak emandako paperak onartzea eta hemen bizitzen uztea. Hori besterik ez dut nahi».
Arrotz, inorena ez den lurrean
Hourma Mohamed Laminek sei urte daramatza Nafarroan, baina oraindik ez du bere egoera legezko bihurtzea lortu. Sahararra da, eta hori kalterako gertatu zaio, Espainiak ez baitu onartzen Saharako Errepublika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu