Nafarroa Oinez ez da egun bakarreko besta. Hala azaldu du gaur Pello Irujo Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Horren adierazle Iruñeko Ziudadelan zabaldu duten erakusketa. Urtero bezala, Artea Oinez erakusketa antolatu dute ikastolen aldeko bestaren ekitaldien barnean. Aurten, 58 artistaren lanak erakusgai paratu dituzte, eta orotariko diziplinak bildu: grabatuak, pintura, argazkigintza, eskultura, bideoa... Haien artean Zangoza inguruko hamaika artista daude, eta horietako bat David Ozkoidi ikastolako ikasle ohia da. Leire Rebole ikastolako zuzendariak esan duenez, Nafarroa Oinez bestaren inguruan antolatzen den kultura ekitaldi "garrantzitsuenetakoa" da, eta "oso garrantzitsuak diren artistak" bildu dituzte.
Arratsaldean eginen dute jendaurreko aurkezpena. Gainera, Xabier Morras artistari omenaldi txikia eginen diote. Besteak beste, Carmelo Boneta Lizarrako artisauak egindako argizaiola emanen diote. Susana Garralda Zangozako Ikastolako lehendakariak azaldu du arrazoia: "Margolari gisa duen kalitatearengatik eta CAN kultura aretoko zuzendari gisa Nafarroako panorama artistikoa berritzeko egindako lanarengatik erabaki dugu Xabier Morrasi omenaldia egitea".
Erakusketa zabalik egonen da apirilaren 27ra arte. Ondoren, Zangozara eramanen dute, Palacio Vallesantoro kultur etxera, eta maiatzean han izanen da ikusgai.