Artigas inguruan agertutako zaborren gaiarekin "azpijokoa" egitea egotzi dio diputatuak EH Bilduri

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko martxoaren 12a
15:52
Entzun

Urtarrilaren 30ean BERRIAk Artigas zabortegiaren ondoko mendialde bat plastikoz beteta agertu zela argitaratu ondoren, EH Bilduk  azalpenak eskatu zizkion Iosu Madariaga Bizkaiko diputatuari, albistea plazaratu zen egun berean. Gaur eman ditu diputatuak, Ingurumen Batzordean, eta eztabaida sutsua sortu da diputatuaren, Asier Vega EH Bilduko ordezkariaren eta Nerea Ahedo EAJko ordezkariaren artean. Gaiarekin "azpijokoa" egitea egotzi diote diputatuak eta EAJren ordezkariak EH Bilduri.

Diputatuak ez du ukatu egunkari honek argitaratutakoa. Baina albistea oinarri hartuta "exajeratzea" leporatu dio EH Bilduko diputatuari; "azpijoko traketsa" egitea.

Ahedo are gogorrago aritu da EH Bildukoaren kontra. "Arduragabea" izatea egotzi dio: "Errealitatea faltsutu eta herritarrak engainatzea". Are, BERRIA ere akusatu du, informazioa kaleratzeagatik: "Ez dakit urtarrilaren 30ean albistea egunkarian irakurri zuten eta korrika egin zuten balorazio oharra, edo ez ote zuten izango halako salaketa bat egin beharra izango eta ez ote zioten deitu egunkariari".

BERRIAk bere kasa izan zuen gertatutakoaren berri, eta bere kasa landu zuen informazioa. Argitaratu bezperan albistearen berri izan zuen bakarra Bizkaiko Ingurumen Saila izan zen, gertatuari buruzko azalpenik bazuen jakiteko hots egin baitzion egunkari honek.

Hondakinak tratatzeko TMB planta geldituta egon zela esan zion, orduan, saileko arduradun batek BERRIAri.

Gaurko batzordean, aldiz, behin eta berriz ukatu du tratamentu gunea geldituta egon zela. "TMB planta ez da inoiz ere itxi azken hilabeteetan", esan du Madariagak, Garbiker enpresak auziari buruz egindako txostena hitzez hitz irakurrita. "Jardunik izan ez duen egun bakarrak igandeak eta jaiegunak izan dira".

Bestetik, diputatuak ez du argitu tratatu gabeko zaborrik bota den zabortegira, nahiz eta BERRIAren gaurko zenbakiak horren berri eman eta Vegak behin eta berriz horixe galdetu dion.

"Zein arautegik dio ezin dela tratatu gabeko zaborra bota zabortegira?", galdetu du diputatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.