Frantziako Bioteknologia Kontseilu Nagusiak eta Osasun Agentziak ez dituzte balekotzat jo NK603 arto transgenikoarekin egindako probaren ondorioak. Caengo Unibertsitateko ikerlari talde batek bi urtez egin zituen probak, arratoiekin; NK603 arto transgenikoz elikatu zituzten, baita Roundup herbizidarekin ere, eta ondorioztatu zuten tumore gehiago sortzen zaizkiela haiekin elikatutako arratoiei, eta lehenago hiltzen direla.
Frantziako Gobernuak kezka agertu zuen azterketarekin, eta iritzia galdegin zien Bioteknologia Kontseilu Nagusiari eta Osasun Agentziari; gobernuaren mendeko erakundeak dira biak. Kontseiluak eta agentziak atzo eman zuten beren iritzia: Caengo Unibertsitateko ikerketan erabilitako metodologia ez da egokia izan eta, beraz, haien iritziz «ez dago kausalitaterik behaketan ikusitako gertaeren eta NK603 arto transgenikoz elikatzearen artean». Osasun Agentziak azaldu du Caengo Unibertsitatearen azterlanak ez dituela zalantzan jartzen transgenikoei buruz aurretik eginak ziren ikerketak.
Bioteknologia Kontseiluak, hala ere, ikerketa «independente» bat galdegin du arto horri buruz, «iritzi publikoan» gaiaren inguruan sortu diren «kezkak» guztiz argitzeko. Kontseiluak onartu du zalantza handiak sorrarazi dituela ikerketak, eta alde guztiek zilegitzat joko duten azterketa bat egin beharko litzatekeela. Onartu du ez dela egin luzera begirako ondorioei buruzko ikerketarik, eta erantsi du Caengo Unibertsitatearen ikerketaren gidari Gilles-Eric Seralini irakasleak azterketa berrian esku hartu behar lukeela, zalantza guztiak argitzeko.
Ikerketa horretan parte hartuko lukeela erantzun du Seralini irakasleak, baina uste du hori egin bitartean arto transgenikoaren landaketa eta erabilera debekatu beharko liratekeela. Caengo Unibertsitatearen azterketa irailaren 19an argitaratu zuen Food an Chemical Toxicology aldizkariak. Ondorioak baliagarriak eta frogatzeko modukoak direla berresti du Seralinik.
Bestalde, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak (EFSA) Seraliniren jarrera deitoratu du, ikerketari buruzko informazio osagarriak emateari uko egin zielako.
Arto transgenikoa kaltegarritzat jo zuen ikerketa, auzitan
Bioteknologia Kontseilu Nagusiak eta Frantziako Osasun Agentziak ez dute balekotzat Caengo ikertzaileen azterlana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu