Zaintza

Artolazabalek zaintzak berrantolatu beharra azpimarratu du

Eusko Jaurlaritzaren zaintzen arloko trantsizio politika aurkeztu dute

Eusko Jaurlaritzak zaintzaren arloko trantsizio politika aurkeztu du gaur goizean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko ekainaren 4a
13:09
Entzun

Eusko Jaurlaritzak zaintzen arloko trantsizio politika aurkeztu du gaur goizean, Bilboko Gazteen Euskal Behatokian. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi du gizarte testuinguruak zaintzak sozialki «berrantolatzeko, ikusarazteko, balioesteko eta banatzeko» eskatzen duela.

Azpimarratu du, halaber, zaintzen etorkizuneko eredu «demokratikoenak» honako ardatz hauek jaso behar dituela: «Zaintzak aitortzea, murriztea eta birbanatzea, eta bazterketa egoeran dauden zaintzaileen beharrak agerian uztea».

Jaurlaritzaren arabera, ardatz horietan oinarritzen da osatu duten trantsizio politika; hamar eta hogei urte arteko epea ezartzen du zaintzen eraldaketa gertatzeko, batez ere gizarte zerbitzuen esparruan. Azaldu dutenez, helburu horiek lortzeko, askotariko eragileak inplikatu behar dira. Asmoa da zaintza politika «integrala, transbertsala eta genero ikuspegia duena» indartzea, eta sendotzea instituzioen zaintzaren pisua eta sektore publikoaren, enpresen, egitasmo eta esku hartze sozialeko erakundeen, eta familien arteko lankidetza.

«Zaintza sozialak aukera emango du erantzukizunak berriro orekatzeko eta birbanatzeko eta, besteak beste, zaintzek eragiten dituzten desberdintasunak amaitzeko. Genero ikuspegiak indarra du trantsizio eredu honetan; izan ere, zaintzaileak, nagusiki, emakumeak izaten dira».

Artolazabalen esanetan, zaintzetan «oreka» lortzeko, arlo pertsonaleko zaintzen gaineko erantzukizuna esfera «familiarrera, komunitariora eta publikora ere zabaldu behar da». Horretarako, erakundeen zaintzak indartu behar dira, eta, modu horretan, «familiaren zaintzak erakundearekiko duen proportzioa murriztu eta komunitatean lehen eta bigarren mailako arreta sendotu».

Sailburuak azaldu du Jaurlaritzaren lana «zeharkakoa» dela, eta beste eragile eta sail batzuenekin lotuta dagoela, «zaintzen politika integralaren eremuan».

Agerraldian hirugarren sektoreko hainbat erakundek ere hartu dute parte: Matia Fundazioa, Euskofederpen, betiON, LARES, Agintzari, Hirukide, AFAE, Unicef, SIIS, Biltzen eta Novia Salcedo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.