Artur Mas Kataluniako presidentearen arabera, gatazkak konpontzeko "bide bakarra" da galdeketa. Eskoziako erreferendumaren emaitza ez da "atzerapauso bat" izan harentzat; gogoratu du Kataluniako prozesuak aurrera jarraitzen duela, eta Eskoziakoaren ondotik "indartuta" dagoela.
Masen iritziz, legeengatik prozesu politiko bat blokeatzen ahalegintzea "akats bat" da, eta "benetako demokrata batek" ez luke galdeketa bat blokeatu beharko. "Madrilen ezezko bat dagoen bakoitzean ezinikusia areagotu egiten da", gaineratu du.
Eskoziarrak zoriondu ditu Mariano Rajoy Espainiako Gobernuak, Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren parte izaten jarraitzea erabaki dutelako eta erabaki hori "masiboki, era baketsuan eta legea errespetatuz" hartu duelako: "Euren erabakiarekin, eskoziarrek saihestu egin dituzte banaketak eragin zitzakeen ondorio ekonomiko, sozial, instituzional eta politiko larriak".
Alde handia
Kataluniako Biltzar Nazionalak ordezkaritza zabala bidalia zuen Eskoziara, bertako erreferenduma gertutik jarraitzeko asmoz. Ordezkaritza horretako kide da Ricard Gene. "Espero genuen Eskozian hau gertatzea. Baina baiezkoak edo ezezkoak irabazi, bozkatu egin dute. Hori da gure borrokaren helburua. Eskozian baiezkoak galdu egin du, baina demokraziak irabazi. Espainiak asko du ikasteko".