Irlanda iparraldeko Poliziak Arturo Villanueva Arteaga (Iruñea, 32 urte) atxilotu du gaur, Belfasten, eta arratsaldean libre utzi dute, epailearen aurrera eraman ondotik. Espainiako Auzitegi Nazionalak Villanueva atzemateko agindua emanda zeukan, Haika-Segi auzia dela-eta. Bermepean laga dute aske (5.600 euro), egunero 7:00-9:00 artean auzitegira joan beharko du sinatzera eta 21:00etarako etxean egon beharko du. Maiatzaren 13an egingo dute euroagindu epaiketa.
9:15 aldera izan da atxiloketa, hiriaren mendebaldean, gune katolikoan, eta haren senideek eman dute berria.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dio iruindarra "oso integratua" dagoela Irlanda iparraldean. "'Beñat' bezala ezaguna da Belfasten. Bertan lan egiten du eta egun auzo errepublikarrean oso integratua dago. Tour Politikoak egiten ibili da azken urteotan, kanpotarrei borroka errepublikarraren eta Irlandako gatazkaren nondik norakoak azaltzen. Honez gain, Euskal Herriarekiko elkartasun taldean lan egin azken urteotan".
2001ean hasi zuen auzia Espainiako Justiziak, eta urte hartako martxoaren 6an Espainiako Poliziak atxilotu egin zuten Villanueva, beste hainbat lagunekin batera. Hamar hilabetean eduki zuten preso eta bermepean geratu zen libre. Polizia iturrien arabera, ihes egin zuen ondoren.
2007ko urtarrilaren 19an Espainiako Auzitegi Gorenak 22 auzipetu atxilotzeko agindua eman zuen, ETAko kide zirela egotzita, Auzitegi Nazionalaren erabakia atzera botata. Honek libre utzi zituen aurretik; hala ere, askok ordurako urte batzuk espetxean eginak zituzten.
Atxiloketa
Arturo Villanueva baldintzapean aske geratu da Irlanda iparraldean
Belfasten atxilotu dute gaur goizean, 'Haika-Segi auzia' dela-eta. Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurkako euroagindua emanda zeukan. 2001ean ere atzeman zuten -Euskal Herrian- eta hamar hilabetean egon zen preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu