andoaingo inbestidura saioa

Artxibatu egin dute Andoaingo zinegotziaren kontra zabaldutako ikerketa

Juan Kalparsoro fiskalburuak ezin izan du xedatu Andoaingo zinegotzietako nork hautsi zuen boto disziplina. Gainera, ez du legez kanpoko motibaziorik egon zen frogarik. 

Gregorio Olasagasti zinegotzia, Bilbon, fiskal buruak deklaratzera deitu zuenean. LUIS TEJIDO, EFE
2015eko uztailaren 8a
09:42
Entzun

Ez dauka Gregorio Olasagastik zuriz bozkatu zuen frogarik, eta gainera, zuri bozkatu zuen zinegotziak ez zuen legerik hautsi. Horrenbestez, EAEko fiskalburuak artxibatu egin du Gregorio Olasagasti EAJren Andoaingo zinegotzi independentearen kontra zabaldutako ikerketa. "Ez dago legez kanpoko motibaziorik egon zen frogarik".

EAJren zinegotzi independenteak eroskeriaz edo prebarikazioz jokatu ote zuen ikertzeko zabaldu zuen auzibidea Juan Kalaparsoro fiskal nagusiak. Ustelkeriari lotutako "antzeko" kasu gehiago ere izan zirela gaineratu zuen Kalparsorok aukera hori arrazoitzeko. Boto zuria emateko erabakia "mehatxuen" ondorio izatea ere ez zuen baztertu. "Terrorismoak intentsitate handia izan du Andoainen", nabarmendu zuen fiskal nagusiak ikerketak abiatuko zituela jakinaraztean.

Olasagasti bera fiskalaren aurrean izan zen deklaratzen, joan den ekainaren 23an. Botoa sekretua zela argudiatuta, zer bozkatu zuen ez zion jakinarazi fiskalari.

Andoaingo inbestidura saioan, ustekabean, botorik gehien EH Bilduko hautagai Ana Karrerek jaso ondotik hasi zen auzia. Pentsatzekoa zen hor ere eragingo zuela bezperan EAJk eta PSE-EEk elkarren alkategaiak babesteko iragarri zuten akordioak. Baina salbuespena eta ezustekoa, biak batera iritsi ziren, hitzartutakoa ez baitzuen bete lau ordezkari jeltzaleetatik batek: diziplina hautsi, eta Maider Lainez alkategai sozialista babestu beharrean boto zuria sartu zuen hautetsontzian. Sozialistek beharrezkoak zituzten bederatzi botoak lortu ez, eta EH Bilduko Ana Karrerek hartu zuen alkate makila azkenean, beste lau urterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.