Politika

Artxibatu egin dute Ibarretxek 'El Pais'-en aurka jarritako salaketa

Espainiako egunkariak argitaratu zuen Galdeketa Legea bozkatu behar zuten garaian, ETAk Jaurlaritzako lehendakariari su-eten laburra eskaini ziola, eta honek "irainak" egitea egotzita parte sartu zuen. Kazetako zuzendariak eta kazetariak urriaren 7an Madrilgo Lurralde Auzitegian deklaratu zuten.

2008ko urriaren 28a
16:47
Entzun
Juan Antonio Toro Madrilgo Lurralde Auzitegiko epaikeak artxibatu egin du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak El Pais Espainiako egunkariaren aurka jarritako salaketa. Hain zuzen, ekainaren 27an Eusko Legebiltzarrean Galdeketa Legea bozkatu behar zuten garaian, ETAk Ibarretxeri su-eten laburra eskaini ziola argitaratu zuen El Pais-ek uztailaren 10eko eta 11ko papereko edizioetan, eta hori gezurra zela esanez parte sartu zuen Lehendakaritzak. Epaileak ez du aintzat hartu salaketa, "irainik" ez dagoelakoan. Defentsak helegitea sartuko duela iragarri du, "erabakia ez delako justua".

Urriaren 7an auzitegian deklaratu zuten Javier Moreno egunkariko zuzendariak eta Luis Rodriguez Aizpeolea kazetariak epailearen aurrean -aurrenak lekuko gisa, bigarrenak inputatu bezala-, eta uztailean ateratako informazioa berretsi egin zuten.

Aizpeoleak sinatutako bi artikulutan El Pais-ek zabaldu zuen "abertzale garrantzitsu" batek lehendakariari jakinarazi ziola bozketaren aurretik eta ondoren ETAk ez zuela atentaturik egingo; alegia, su-eten laburra egingo zuela. Jaurlaritzak salaketa jarri zuen egunkariaren kontra, "irainak" egitea egotzita.

Kazetariak urriaren 7an zioen uztaileko testuetan ez zuela baieztatzen lehendakariak ETArekin itunik egin zuenik. Alderantziz, erabakia ETAk bere aldetik hartua zela zehazten zen testuan, Aizpeoleak argitu zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.