Plataforma Feministak eman du erabakiaren berri, Anboto.org atariak argitaratutako gutun baten bidez. Eskerrak eman dizkie Abasoloren salaketaren aurkako kanpainan parte hartu zutenei, eta azpimarratu feministena "amaierarik ez duen lana" dela: "Erasotzaileak seinalatzen eta emakumeentzat bizitza duinak errebindikatzen jarraituko dugu, tinko".
Mugimendu feministako kide batek Durangoko auzitegian (Bizkaia) deklaratu zuen abenduan, Paul Abasolok jarritako salaketaren ondorioz. Abasolok Durangon bere aurka agertu ziren pintaketa batzuen erantzuletzat jo zuen akusatua. Hori horrela, bere ohorearen aurka egin izana egotzi zion.
Abasolori hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2010ean, bost andrek jarritako salaketen harira. 2012an, ordea, Espainiako Gobernuak indultu partziala eman zion futbol jokalariari, eta zigorra bi urtera jaitsi. Ondorioz, ez zuen kartzelara joan beharrik izan.