BERRIA goi mailako euskal jatetxeekin egiten ari den bilduma bihar amaituko da, Donostiako Arzak jatetxea bisitatuz. Euskal Herriko lehendabizikoa izan zen hiru Michelin izarrak eskuratzen, 1989an, eta geroztik mantendu egin ditu. Otsailetik aurrera, Londresko Ametsa jatetxea gidatuko dute.
Belgravia auzoko The Halkin hotelean egongo da Ametsa, baina ez da Arzaken jatea bezala izango, Elena Arzaken arabera. "Gure sukaldea hemen bakarrik egin daiteke". Nahiz eta euskal gastronomiarekin lotura duten platerak egongo diren, Erresuma Batuko produktuetara egokituko dute menua.
"Sukaldariak haur batek bezala pentsatu eta harridurarako gaitasun handia eduki behar du", dio Juan Mari Arzakek. Arzak jatetxearen historia familiaren historia ere bada. 1897an ireki zuten egungo leku berean taberna Juan Mariren aiton-amonek, eta Elena familiako sukaldarien laugarren belaunaldia da. Munduko emakumezko sukaldaririk onena izendatu dute aurten Elena, eta familiarentzat eta lan taldearentzat esker onak izan ditu. "Nik negozioa muntatuta aurkitu nuen, eta aurretik zetozkidan erraztasunak baliatu nituen. Zentzu horretan, ezerezetik abiatzen den jendea asko miresten dut. Gurekin egon dira gazteak, izugarri onak, euren negozioa ireki eta gaizki joan zaienak. Hori izugarri bidegabea da".