Gaur arratsaldean dauka EAJk Aberri Batzarra, Bilbon, eta bi gai garrantzitsu izango dituzte mahai gainean: udal eta foru hauteskundeen ondorengo hitzarmenak, eta Euzkadi Buru Batzarraren (EBB) berritze prozesuaren hasiera. Han izango da Xabier Arzalluz EBBren presidente ohia, eta alderdiak hurrengo hilabeteetan onartuko duten ponentzia politiko berriari "garrantzia handia" ematen dio, gaur Herri Irratiaren tertulian esan duenez.
Ez du gustukoa EBBren azken urteetako ildoa. Izan ere, haren ustez, Josu Jon Imaz denetik zuzendaritzako presidentea -2003ko abendutik-, EAJk onartuta daukan ponentzia politikoan aldaketak egin nahi izan dituzte. "Ponentzian Euskadik Europan independentzia izatea bilatu nahi da, Eskoziak nahi duen bezala, baina orain Imazek-eta diote Espainian 'eroso' egotea lortu behar dela, Imazek ustez jarrera europarra izan arren. Botere bidez-eta nahi dute hori lortu". Eskozian Alex Salmond (Eskoziako Alderdi Nazionala; SNP) Legebiltzarreko presidente berriak 2010ean autodeterminazio erreferenduma egin nahi du eta "SNPk independentziarekin konpromisoa" duela esan dute alderdi hartakoek.
Arzalluz ez dago ados Imazen ildoarekin eta, oraingo prozesuan ez bada azkena onartu zen ponentziaren ildotik segitzea proposatzen, "afilituen aldetik ponentzia alternatiboa egin beharko da". EAJren "barne antolaketa" ere aldatu nahi dutela esan du.
Aberri Batzarrean egoteko eskubidea dauka Arzalluzek, baina botorik gabe. "Bizkaian nik botoa izateko proposatu zuten bere garaian, baina ez ninduten aukeratu. Boikota egon zen nire kontra".
Egibarren hautagaitza
EAJn zuzendaritza berria hautatuko dute aurten, abenduan bukatuko da prozesua, eta Arzalluzek ez daki Joseba Egibar Gipuzku Buru Batzararren (GBB) presidentea EBBren Lehendakaritzarako aurkeztuko den. "Orain GBBren presidentea da Egibar, eta ez dut uste erretiratuko denik. Izan ere, oso egoera egonkorrean dago Gipuzkoan". 2003an Egibar aurkeztu zen EBBren buru izateko, baina Imazek irabazi zituen hauteskundeak. "Hasieran Imaz ez zen EAJko batzuen hautagaia. Iñigo Urkullu zen, baina honek ez zuen nahi Egibarren kontra lehiatzerik. Urkulluk eta Juan Mari Juaristi GBBren orduko presidenteak orduan Imazen aukera atera zuten, baina ez Imaz onena zelako, Egibar behera bota nahi zutelako baizik. Orain igualak dira planteamenduak", esan du Arzalluzek.
Lehengo igandeko udal eta foru hauteskundeez ere hitz egin du EBBren buru ohiak Herri Irratian, eta kritiko azaldu da EAJren sektore batzuekin. "Irungo Ogasuna-eta bezalako kontuak alderdi barrutik atera dira, eta gero Ser irrati kateak eta Vocento taldeak alderdiaren kontra egin dute, baina berriro diot, barrutik emanda informazioa". Hori guztia, azken batean, PSE-EEren mesederako izan da Arzalluzen ustez. "Eta orain Ibarretxeren bila doaz. Ez dakit lortuko duten"
EAJ
Arzalluzek Imaz kritikatu du, EAJren ponentziak dioena aldatu nahi izateagatik
EBBren presidente ohiak esan du gaurko EBBk "Espainian eroso" egotea bilatzen duela eta ez "Euskadik Europan independentzia" izatea. Arzalluz EAJren Aberri Batzarrean izango da gaur, eta alderdiaren ponentzia politikoan Imazen ildoa segitu nahi bada, "afilituen aldetik ponentzia alternatiboa" egin beharko dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu