Salbuespeneko egoera betikotzeko bidean lehen pausoa egin du Frantziak. Asanblea Nazionalak onartu du Eliseoak proposatutako konstituzio erreforma, eta larrialdi egoeran jasotako hainbat puntu konstituzioan txertatuko dituzte, zuzenbide orokorreko lege izan daitezen. Frantziako herritartasuna kentzeko aukerak polemika bizia piztu arren, arazorik gabe egin du aurrera parlamentuan. Horrela, nazionalitate bikoitza izan eta "terrorismo delituengatik" kondenatu dituztenei herritartasuna kendu ahalko diete. Senatuan bozkatu beharra dute oraindik testuaren inguruan.
PS aginteko alderdiaren barne zauriak agerian utzi ditu erreformak. Izan ere, 165 diputatu sozialistetik 83k egin dute kontra, eta 36 abstenitu dira. Orain aste batzuk Christiane Taubira Justizia ministroak dimisioa eman zuen; jendaurrean erreformaren aurka egindakoa da. Gaur dimisioa eman duena Atzerri ministro Laurent Fabius da. Konstituzio Kontseiluko presidente izateko proposatuko du François Hollande presidenteak. COP21eko presidente izaten jarraitzeko asmoa agertu du Fabiusek.
Azaroaren 13ko atentatu jihadistek eragindako izua baliatuta onartu zuen Hollandek larrialdia. Ordutik segurtasun indarrek epaileen baimenik gabe egin dituzte atxiloketak eta miaketak. Gobernuak iragan astean helarazi zituen datuen arabera, azarotik 3.289 miaketatan 560 arma aurkitu ditu Poliziak. Halaber, 341 lagun atxilotu dituzte, eta 407ri etxeko atxiloaldia ezarri diete. Larrialdia beste hiru hilabetez —maiatza bukaera arte— luzatzeko lege proiektua eztabaidatzekoa du Asanblea Nazionalak.