POLITIKA

Asel Luzarraga aske uzteko eskatuko dute iluntzean Bilbon

Txilen atxilotuta daukate euskal idazlea, eta herenegundik etxean ari da atxiloaldia betetzen. Elkarretaratzea 20:00etan izango da, Plaza Biribilean.

2010eko otsailaren 12a
16:23
Entzun
Asel Luzarraga euskal idazlea aske uzteko eskatuko dute gaur iluntzean Bilbon, elkarretaratzean. Herenegun Txilen duen etxera eraman zuten Luzarraga atxiloaldia betetzera, baina ez dute aske utzi. Haren behin betiko askatasuna eskatuko dute gaur iluntzean. 20:00etarako egin dute hitzordua, Bilboko Plaza Biribilean.

Iazko abenduaren 31n atxilotu zuten Luzarraga, Padre de las Casas herriko bere etxean, La Araucania eskualdeko Justizia Auzitegiaren aurka egun horretan izandako atentatu saio batekin eta beste hiru erasorekin lotura izatea leporatuta. Poliziaren arabera, lehergailuak egiteko materiala topatu zuten etxea miatzean. Hasieran Txileko Terrorismoaren aurkako Legea aplikatu zioten, baina egozten zizkioten atentatuak gertatu ziren egun batzuetan herrialdetik kanpo zegoela eta, akusazioa aldatu zuten, eta lehergailuak edukitzea leporatu zioten. Urtarrilean, epaileak hiru hilabete eman zizkion fiskalari ikerketa amaitzeko, eta bitartean Luzarraga espetxean mantentzeko agindua berretsi zuen.Herenegun, ordea, ebatzi zuen etxean bete dezakeela atxiloaldia, eta han dago harrezkero. Apirilerako espero dute epaiketa.

Hamaika ispilu ganbil (2003), Karonte (2005), Mozorroaren xarma (2007) eta Abaraska (2008) liburuak argitaratu ditu Asel Luzarragak euskaraz. Horretaz gain, Euskal PEN Klubeko zuzendaritzako kidea da, eta nazioarteko PEN Clubeko Writers for Peace (Bakearen aldeko idazleak) batzordean jardundakoa. Punkamine musika taldeko abeslaria izan zen, eta itzulpengintzan eta irakaskuntzan ere lan egin izan du. Maputxeen lurraldetasun eskubideen alde egindako lanagatik ere ezaguna da Luzarraga Txilen.

Aralarrek jakinarazi du alderdiaren Bizkaiko koordinatzaile Josu Murgia elkarretaratzean izango dela. Aralarrek salatu du akusazio faltsuetan oinarritutakoa dela Luzarragaren atxilotzea, eta berehala aske uzteko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.