Aranjuezeko kartzelan (Espainia) preso den Asier Aginakoren ama eta lehengusinak izan dute auto istripua aurrez-aurreko bisitara bidean. Ezbeharra atzo gertatu zen, 10:00ak aldera, Madrileko Guadalix de la Sierra udalerriaren parean, errepidearen estugune batean lur orotako ibilgailu batek atzetik jo eta bidetik aterata.
Erietxera eraman dituzte biak; lesio zerbikalak eta lunbarrak dituzte. Halaber, bisitarik gabe geratu dira eta haien autoak kalte handiak izan ditu, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.
Atzoko istripuarekin, hamazazpi dira aurten euskal presoei bisitan zihoazela kaltetutako senideak. Zazpi istripu izan dira 2013an.
Etxerat-ek "sakabanaketan oinarritutako espetxe politika" bukatzea eta presoei nahiz haien senideei dagozkien eskubideak errespeta daitezen eskatu du.