Atxiloketa

Asier Coloma donostiar gaztea libre utzi dute

Atzo atxilotu zuen Espainiako Poliziak, igandeko liskarrak direla-eta autoritateari atentatua egitea leporatuta.

2008ko irailaren 16a
11:16
Entzun
Espainiako Poliziak Asier Coloma gaztea atxilotu zuen atzo goizean, Donostian, eta gauean aske utzi zuen. Donostiako Auzitegian deklaratu ostean geratu zen aske donostiarra, eta epaileak agindu dio hilero hara joan beharko duela sinatzera.

Autoritateari atentatua egitea egotzi zioten, eta komunikaturik eduki zuten atxilotuta izan zutenean. Igandean Donostian, euskal presoen aldeko manifestazioa zela-eta liskarrak izan zirenean, Espainiako Poliziako kide batek pistola atera zuen Konstituzio plazan -gutxienez, zazpi tiro egin zituen airera-, eta gertaera horrekin lotu dute Coloma.

Igandean Ertzaintzak beste bost lagun atzeman zituen, istiluekin zerikusia eduki zutelakoan. Gauean aske utzi zituen, baina bostek epailearen aurretik pasatu beharko dute hurrengo astean.

Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa galarazi egin zuten ertzainek, Eusko Jaurlaritzaren erabakiz, eta ondoren liskar handiak gertatu ziren Parte Zaharrean. Zortzi pertsona zauritu zituzten ertzainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.