Hemezortzi urteko kartzela zigorra beteko du Asier Lavandera gazte donostiarra hil zuen Sergio Fernando R.S.-k, Gorenak Iruñeko 1. zenbakiko Instrukzio epaitegiak jarritako zigor bera. Hilketaren erruduntzat jo, eta "ankerkeriaz" aritzea larrigarritzat jo zuen, gainera. Fiskalak hemezortzi urteko espetxe zigorra eskatu zuen harentzat, eta epaileak bat egin zuen eskariarekin; Lavanderaren gurasoei 213.113 euroko kalte-ordaina ematea ere erabaki zuen. Senideek zigor handiagoa nahi zuten, 25 urtekoa; defentsak, berriz, hamabost urteko kartzelaldia eskatu zuen, galdegin zezakeen txikiena, hilketa aitortzeak aringarri izan behar zuelakoan. Bi eskaerak bota ditu atzera Espainiako Auzitegi Gorenak, eta zigorra bere horretan geratuko da.
Lekunberrin (Nafarroa) hil zuten Lavandera gaztea, dantzaleku baten atarian, 2010eko urtarrilaren 16an. Liskarra izan zuten hiltzaileak eta biek, eta labana aterata hil egin zuen Sergio Fernando R.S.k. Hiru labankada sartu zizkion aurrena, eta, Lavandera ihes egiten saiatzean, atzetik jarraitu eta beste bi aldiz sartu zion labana. Lagunekin autoan sartu, eta ihes egin zuen hiltzaileak, baina atzeman egin zuten errepideko kontrol batean.