«Justizia» eskatu dute gaur Urnietan (Gipuzkoa) Asier Nieblarentzat, eta «bera bezala biktimatzat hartu ez dituztenentzat». Urnietarrek manifestazioan herri osoa zeharkatu ostean, Juanjo Niebla anaiak hitz egin du, familiaren izenean. «Genero» hitza izan du aldiro ahotan, genero astungarria erori baitzaio Nieblaren hilketagatik zinpeko epaimahaiak erabakitakoari: «Gogoan izan, Asier hiltzeko motibazio bakarra, berriz diot, motibazio bakarra, generoa izan zela».
Gaurko egunez duela hiru urte ziplo erori zen Niebla, emakume batekin hizketan ari zela Jonathan Lorenzok kolpe bat eman ondoren, Donostian. Konortea galdu zuen, eta bi hilabete koman egon ostean, hil egin zen. Erasotzailearen bikotekide ohia zen emakumea, eta akusatuak deklaratu zuen hura Nieblarekin ikusi eta «inpotentziagatik» eraso ziola.
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak hamabi urte eta 11 hilabeteko zigorra ezarri zion Lorenzori joan den urtarrilean. Giza hilketa leporatu zioten, eta genero astungarria ezarri. Ekainean, ordea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen genero astungarria, eta zigorra 11 urte eta sei hilabetera murriztu zion. Auzitegiak zehaztu zuen genero astungarria aplikatzeko frogatu egin behar dela akusatuak egindakoa «emakume biktima» baten kontra izan zela, «emakume izate hutsagatik» eta «bere nagusitasuna argi utzi nahi izateagatik».
Legearen hutsuneak
Baina «Asier biktima bat da», Juanjo Nieblak ozen salatu duenez. «Genero Indarkeriaren legea beharrezkoa da, baina hutsuneak ditu. Biktima kontzeptua zabaldu beharko litzateke».