Joseba Asiron Iruñeko alkateak Maravillas gaztetxearen inguruko adierazpenak egin ditu gaur goizean. "Aldabakarreko husteak" arazoa konpondu ordez "zatiketa handituko" lukeela adierazi du Iruñeko alkateak.
Iruñeko Udala gaztetxearen inguruan sortu den eztabaida "tentu handiz" jarraitzen ari dela gaineratu du Asironek, eta elkarrizketarako deia egin du: "Elkarrizketarako garaia da. Bi aldeak hitz egiten has daitezela nahi dugu denok". Gaineratu du negoziazio baten hasieran "ohikoa" dela hiru aldeek —Maravillas gaztetxeak, etxearen jabeak eta Nafarroako Gobernuak— orain arte izandako jarrera.
"Guretzat ezinbertzekoa da gazteek kultura eta aisialdirako aukera autogestionatua izatea", adierazi du Asironek, eta "oraindik okupatutako guneak egoteak arlo honetan lan egiteko asko dagoela erakusten du", gaineratu du.
Aldeetako batek eskatuz gero Iruñeko Udala "edozertan laguntzeko prest" dagoela nabarmendu du Asironek.