Telefonoa belarrira eramaten duen bakoitzean eskegi egiten zaiola irten da Logroñoko kartzelatik Arkaitz Rodriguez (Donostia, 1979). "Duela sei urte ez geunden gailu moderno hauetara ohituta", esan dio BERRIAri, barrez, Donostiara zekarren autotik. Kartzelatik irteten den hirugarren aldia du, baina espetxe atariko harreretara ezin dela ohitu esan du; "hau zoragarria da".
Oinak kalean izan arren, burua espetxean duela aitortu du. "Laurehun bahitu politikotik gora dauzkate, eta guztiak etxeratu behar ditugu". Rodriguezek argi du Euskal Herriak Kataluniako bideari segi ez diezaion dauzkatela euskal presoak kartzeletan; "baina duela sei urte gu espetxeratu gintuztenean lortu ez zuten bezala, orain ere ez dute lortuko prozesu hau galaraztea".
Orduan hasitako bidea amaitzeko garaia dela dakusa, eta kartzelan bost urtez kide izan duen Arnaldo Otegik ere mezu bera eman diola adierazi du: "Aldebakarreko apustuarekin jarraitu eta amaitzeko garaia da; askapen prozesua burura eramateko unea da". Bide horretan, Rodriguezen esanetan, eredugarria da Kataluniako prozesu subiranista.
Rodriguez ordu guztiren buruan heldu da Logroñotik Donostiako Altzara. Han egin zioten lehen harrera, eta auzoko bazkaria egin zuten ondoren.
Sei urteko espetxe zigorra osorik bete ostean irten dira Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez.
Gure artean dugu berriro Miren Zabaleta. Bat gutxiago!!! pic.twitter.com/YABganRfJ4
— Mikel Zabaleta (@ZabaletaMikel) October 11, 2015
Zabaletak 40 bat lagun zituen espetxe atarian zain, haren aita Patxi Zabaletak Euskadi Irratiari jakinarazi zionez. Sonia Jacintoren irteera ere jende asko batu da, tartean haren zortzi urteko semea. Jacintori Errenterian egin diote lehen harrera; Zabaletari, iluntzerako prestatu diote lehen ongietorria Iruñean.
Bateragune auzia-gatik espetxeratu zituzten, Arnaldo Otegi eta Rafa Diezekin batera, eta sei urteko espetxe zigorra beteta Euskal Herrira itzuliko dira. Azken urteetako auzi ezagunenetako bat izan da sei horiena, eta esan liteke, orain bai, amaiera hasi dela. Jacinto Estremerako espetxetik atera berri da (Madril); Zabaleta, Valladolidekotik; eta Rodriguez, Logroñoko kartzelatik. Otegi apirilean da espetxetik ateratzekoa, eta Rafa Diez geroago, 2010eko apirilaren 26an baldintzapean aske utzi baitzuten, "egoera pertsonal-familiarrengatik". 2011ko irailaren 19an, epaiaren ostean, berriro kartzelatu egin zuten. Ondorioz, Diezek beste laurek baino ia 17 hilabete gutxiago egin ditu espetxean.
[Youtube]https://youtu.be/PkhgrnN-BrI[/Youtube]
Bihar beteko dira sei urte atxilotu zituztela, eta zigorra osorik beteta atera dira. Atzean geratu dira Auzitegi Nazionalaren hasierako erabakiaren kontra aurkeztutako helegiteak. Azkena iazko uztailean bota zuen atzera Auzitegi Konstituzionalak. Zazpi epailek eman dute eskaeraren aurkako botoa, eta bostek aldekoa. Azken aukera hori izanik, zigorra osorik betetzea beste aukerarik ez zaie geratu, alegia, Auzitegi Gorenak zehaztutakoak (Auzitegi Nazionalak jarritakoak murriztu zituen). Sei urte hauetan, erabat aldatu da Euskal Herrian egoera politikoa: ETAk borroka armatua utzi du, bizkarzainak desagertu dira, Sortu ezker abertzaleko alderdia legeztatu eta EH Bildu koalizioa sortu da (hainbat erakunde gobernatu ditu eta gobernatzen ditu) eta Bake Konferentziak egin dira Donostian, Baionan eta Parisen. Espainiako eta Frantziak estatuek, ordea, muzin egin diote Harremanetarako Nazioarteko Taldeak eta beste eragileek egindako eskaerei.
Norabide aldaketaren bultzatzaileak
ETAko zuzendaritzako kide izatea leporatu zieten Bateragune auzian zigortutakoei, eta behin eta berriz argudiatu dute ezetz, bakearen alde jardun zirela eta ezker abertzalearen norabide aldaketa bultzatu zutela. Patxi Zabaleta Mirenen aitak ere hala adierazi zuen iaz: "Egungo egoera ez da bakarrik Bateragunekoek egindako lanaren ondorio, baina beraiek ere ekarpen garrantzitsu bat egin zuten, ausarta. Arriskatu ziren, eta horregatik ari dira zigorra jasaten. Preso politikoak dituen sistema bat ez da demokratikoa".
Epaiketan une surrealistak bizi izan ziren, baina bertan garbi utzi zuten auzipetuek ezker abertzalearen estrategia aldatzeko lanean ari zirela atxilotu zituztenean. Rafa Diezek estrategia aldatzeko beharra zegoela esaten zuela deklaratu zuten zenbait lekukok. Eta perituetako batek ere aitortu zuen eztabaidaren sustatzaileek ETAren gidoia ez zutela bete. Otegik beraiek hasitako bideari eusteko eskatu zien euskal herritarrei 2011 horretan, ETAren borroka armatua uzten zuela iragarri aurretik. Otegiren hitzak bere eginda, ezker abertzaleak berretsi egin zuen ondoren indarkeria ez dela baliagarria.
Aske uzteko eskaerak, mundu osoan
Sei urte hauetan, hainbat eta hainbat izan dira Euskal Herrian eta atzerrian sei horien askatasuna eskatu dutenak. Nazioartean Free Otegi, Free them All leloa zabaldu da azken hilabeteetan, eta martxoan eskatu zuten Otegi eta besteak aske uzteko nazioarteko 24 eragilek. Tartean ziren hainbat herrialdetako presidente eta lehen ministro izandakoak (Jose Mujica, Fernando Lugo eta Jose Manuel Zelaya), parlamentari eta senatariak (Lucia Topolansky, Ken Livingstone, Leila Khaled eta Leyla Zana), politikari ezagunak (Gerry Adams eta Cuauhtemoc Cardenas) apartheid-aren kontrako ekintzaileak (Desmond Tutu eta Ahmed Kathrada), Nobel saridunak (Adolfo Perez Esquivel), giza eskubideen aldeko beste ekintzaile batzuk (Angela Davis eta Nora Morales de Cortiñas) eta pentsalariak (Slavoj Zizek).
Berriki eskatu dute AEBetako hainbat lagunek ere gauza bera, tartean, Noam Chomsky filosofoa, James Petras soziologoa, Alice Walker idazlea, Angela Davis aktibista, William Ramsey Clark AEBetako fiskal nagusi ohia, Cindy Lee Miller Sheehan gerraren aurkako ekintzailea, Simona Sharoni ekintzaile feminista eta Mike Farrel aktorea. Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak eta Iñigo Iruin abokatuak ere gutun bat argitaratu zuten BERRIAn aske uzteko eskatuz, eta gauza bera eskatu du Eusko Legebiltzarrak. Katalunian ere bai hainbat alderdietako ordezkarik eskatu zuten ekainean askatasuna.
Hain zuzen, datorren larunbatean berriro eskatuko dute Elgoibarren, urtero legez, Otegi aske uzteko, eta han izango dira Jacinto, Zabaleta eta Rodriguez. Iaz EH Bildu, EAJ, PSE eta PSNko ordezkariak izan ziren manifestazioan. Epaiketa egin zenetik gizarteak ere eskatu du kalean aske uzteko Bateragune auziko seiak.
Kronologia interaktiboa pantaila osoan ikusteko, sakatu hemen.