EUSKAL HERRIA

Askapenak eta Euskal Herriaren Lagunak taldeak Elkartasun Astea antolatu dute nazioartean

Ekitaldi politiko, sozial eta kulturalak antolatu dituzte Europako eta Latinoamerikako hogei herrialdetan. Hilaren 26an Milanen manifestatzera deitu dute.

2011ko otsailaren 9a
16:07
Entzun
Askapenak eta Euskal Herriaren Lagunak nazioarteko elkartasun dinamikak Euskal Herriarekin 5. Nazioarteko Elkartasun Astea aurkeztu dute. Atzo hasita eta otsailaren 20a bitartean Europako eta Latinoamerikako hogei herrialdetan ehun bat ekimen politiko, sozial eta kultural egingo dira Eskubide Zibil eta Politikoak Euskal Herriarentzat. Autodeterminazioa orain! lelopean.

Egun horietan Europan barrena ibiliko dira, gainera, hitzaldiak ematen Espainiaren errepresioa jasan duten hainbat kolektibok: ezker abertzalea, Etxerat, Udalbiltzaren elkartasun sarea, Gazte Independentista auzipetuak, Askapenako kide auzipetuak, Elkartzen, Ikasle Abertzaleak, Torturaren Aurkako Taldea, 8H euskal diaspora elkartea eta Sagarren denbora filmaren ekoizle den Gite-IPES.

Antolatzaileek, "astea bera berotze aldera", Euskal Herriaren Lagunek egin duten 'Euskal Presoen argazkiak kalera' ekimena goraipatu dute. "Presoekiko elkartasunaren kriminalizazioa batetik eta euskal presoek pairatzen dituzten eskubide urraketek bestetik eraman dituzte EHLak (Euskal Herriaren Lagunak) euskal preso politikoen argazkiak 30 lekutan kalera ateratzera. Hego Euskal Herriko kaleetan jazarria den hori munduko hainbat leku ezagun eta publikoetan denen begi bistan eginez", adierazi dute ohar batean.

Hilaren 26an Milanen manifestatzera ere deitu dute. "Iaz 3000 lagun bildu ziren bertara, aurten gehiago biltzea espero dugu. Beraz, dei egiten diogu nazioarteko euskal herriaren lagun orori eta euskal herri langileari ere bai bertan parte hartzera".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.