Askatasunak 2003ko balantze errepresiboa aurkeztu zuen atzo. Eta, bide batez, ondoko asteetarako kezkak ere agertu zituen. «Dauzkagun informazio batzuen arabera, ondoko asteetan Euskal Herri osoan polizia operazio gehiago burutu ahal izanen dira», jakinarazi zuen Jean-François Lefort Askatasuneko bozeramaileak. Iaz «atxiloketa prebentiboak» eta sarekada masiboak gertatu zirela komentatu zuen. «Lehen aldikotz, Garzon eta Levert epaileek operazio bat batera burutu zuten», gehitu zuen.
Atxiloketa mota hori da Lefortek 2003ko balantze errepresibotik atera duen datuetariko bat. Urtetik urtera gero eta atxiloketa, presondegiratze eta preso gehiago dagoela erakustera eman zuen, berriz ere. Presondegiratzeak, tortura kasuak, sakabanaketa, isolamendua, senideen istripuak eta abar gogorarazi zituen. Iaz, hiru ahaide hil dira bideko istripuetan, bisitara zihoazela. Presondegietako egoera gero eta latzagoa dela azpimarratu zuen Askatasuneko kideak.Tortura kasuetan, iaz Frantziako polizia-etxeetan lau kasu gertatu zirela azpimarratu zuen Lefortek. «Ez dakigu kasu isolatuak ziren edo frantses estatua horrelako praktika sistematikoan sartu den». Ertzaintzaren jarrera ere salatu zuen eta «protokoloa aurpegia zuritzeko» erabili dutela deitoratu. Berriki lau nafarrekin gertatuaren ondotik Azkarragak Garzonen kargugabetzea eskatu izana komentatu zuen. «Ea noiz eskatzen duen Balzaren kargugabetzea», galdegin zuen.Iaz, Egunkaria kasuan gertatu torturak jende anitzek salatu zituztela, baina «ordu arte eta geroztik gertatu kasuak» ez dituztela salatu gaitzetsi zuen Lefortek. «Batzuek tortura salatzea torturatuaren profilaren arabera, ez da onartzen ahal».Frantziako eta Espainiako estatuen «jokabidea ez da aldatu», Jean-François Lefort Askatasuneko bozeramailearen esanetan. Espainiako Konstituzioa eta Errepublika bat eta zatiezinaren kontzeptuei tematze egoerak «gatazka politikoa sortzen» duela azpimarratu zuen. Lefortek gogorarazi zuen errepresioak gutxienez 25 urtean dirauela. «Bide polizialak ez du ezer konpondu. Ekarri duen gauza bakarra gatazkaren luzamendua da», adierazi zuen. «Gatazka politiko bat politikoki konpontzen» dela berretsi zuen. Errepresioaren «arduradunei» zera ohartarazi zien: «Jakin behar dute azken 25 urte hauetan ez dutela lortu euskal erresistentziarekin bukatzea. Azken 25 urteetan lortu ez dutena, ez dute ondoko 25 urteetan lortuko, gatazka beste 25 urtez luzatzen bada».
Askatasuna: «Atxiloketa prebentiboak gerta daitezke laster»
Azken 25 urteetako balantze errepresiboa aurkeztu eta «gatazkaren aterabide politikoa» eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu