Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak salatu du D3M eta Askatasunako kideen aurkako epaiketak "epaiketa politikoak" direla, eta "bidegabekeriatzat" jo ditu epaiketa horiek.
Apirilaren 30etik aurrera, 13 lagun epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean. 2009an atxilotu zituzten, bozetarako hauteskunde plataforma ETAren aginduz sortzea egotzita.
Gaur Bilbon egin dute agerraldia, eta 200 bat lagunek babesa eskaini diete 13 lagunei. Prentsaurrekoan salatu dute Espainiako Estatuak Euskal Herrian "ezer gertatu ez balitz bezala" jarraitzen duela. "Praktikan jendea atxilotzen jarraitzen dute, epaiketak egiten...Batzuek eman dute pausoa, baina beste batzuek ez dituzte zentimetro batzuk ere egiten", esan du Txerra Bolinaga bozeramaileak.
D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa "oinarrizko eskubideen aurkako bortxaketa larria" da, horien arabera. "Etorkizunari ilusioz eta itxaropenez begiratzen diogunok, gure aurkako epaiketa politikoaren atzetik beste epaiketa gehiagorik ez burutzeko lanerako gogoa eta konpromiso argia adierazi nahi dugu", gaineratu dute.
Maiatzaren 5erako manifestazioa deitu dute, Bilbon, 1730ean, Epaiketa Politikorik ez! Eskubide guztiak proiektu guztientzat! lelopean.
Agerraldian Errusiako panpin Matriosken irudia erabili dute. "Matriosken eraikuntza deialdia egin nahi dugu, herriz herri egoera hau agerian utziko duten asanblada ireki eta anitzak sortzekoa, auziperatuei berotasuna emango diotenak, eskubide zibil eta politikoen alde lan egingo dutenak", esan dute.
Auzitegi Nazionalean epaituko direnak "gizarte osoaren eskubide zibil eta politikoak" direla azpimarratu dute, eta epaiketaren atzetik, "eraso gehiago" helduko direla ohartarazi dute. "Asanblada bakoitzak herriz herri, auzoz auzo eta atez ate egingo duen tokiko eta etengabeko lanak izan behar du Euskal Matrioskaren oinarria, zeinak orain ohikoa den praktika pentsaezin bilakatuko baituen", gaineratu dute.