Politika

Askatasuna: "Prozesua abiatzeko baldintza politikoak badaude baina demokratikoak ez"

Ibon Meñikaren eta Sandra Barrenetxearen atxiloketen aurrean eta egungo egoera politikoa kontutan hartuz Askatasunak prentsaurrekoa eman du gaur Bilbon. Bertan izan dira TAT Torturaren Aurkako Taldeko ordezkati bat eta Gurasoak elkarteko beste bat. Euskal Herrian "marko berri bat eraikitzeko" baldintza politikoak badaudela uste du Askatasunak. Baina horiek ez dira nahikoak, "baldintza demokratikoak ere egon behar dira". Gaur Askatasunak salatu duenez, "une honetan oinarri demokratiko horiek ez dira inondik agertzen".

2006ko apirilaren 25a
19:21
Entzun
Prentsaurrekoan azpimarratu dutenez beharrezko baldintza demokratikorik gabe ez dago prozesuri ekiteko modurik. Izan ere, Askatasunaren hitzetan "berriro torturaren praktikaren aurrean gaude, berriro Auzitegi Nazionala, berriro espetxeratze aginduak, berriro errepresioaren aurrean eta oinarrizko eskubideen ukazio eta zanpaketaren aurrean gaude".

Aurrera egin nahi bada, egoera errotik aldatu behar dela azpimarratu du Askatasunak. Izan ere, "Zuzenbide Estatua, Polizia Estatua bihurtu" da Euskal Herrian azken 25 urteetan "bide errepresiboak" erabili ostean. "Polizia Estatu" horretatik "marko demokratiko" batera joateko aukera dagoela adierazi du Askatasunak. Egun batetik bestera hori lortzea zaila dela jakin badakiela dio Askatasunak baina "gutxiengo batzuk, gaurdanik martxan jarri behar dira". Hauexek izango lirateke gutxiengoak Askatasunaren iritziz:

- Jazarpen politikoarekin, atxiloketekin eta torturarekin bukatu behar da

- Euskal Herriri begirako salbuespeneko legeria bertan behera gelditu behar da (Inkomunikazio legetik hasita)

- Herritarron oinarrizko eskubideak bermatu behar dira Euskal Herrian.

Horiek gauzatzeko bidea "herri mobilizazioak irekiko du bakarrik" Askatasunaren ustez.

Nekane Txapartegik, Torturak kaltetutakoen adierazpena irakurri du agerraldi horretan bertan torturak jasan dituzten euskal herritarren izenean. Txapartegik ere azpimarratu du "herri mobilizazioak" ireki diezaiokela atea torturaren bukaerari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.