Bizitza plataformak deituta, ehunka lagunek «askatasunerako besarkada» egin dute gaur Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) batzen dituen Santiago zubian. Bi herrietako udaletxeen inguruetan elkartu dira manifestariak, 16:00etan, eta martxa banatan abiatu dira gero, zubian elkartu arte. «Askatasun indibidual eta kolektiboak berreskuratzea» galdegin dute, «askatasunaren, osasunaren eta egiaren alde».
Txertoa jaso dutenekiko «enpatia» eskatu dute antolatzaileek, eta osasun ziurtagiria salatu dute: «apartheid berritzat» jo dute, izan ere. Txertoei erreparatu diete, halaber: oraingoan, «bereziki gazteak eta umeak» ez txertatzeko eskatu dute, gaitza «oso arin» pasatzen dutelako, eta «naturalki erraz immunizatzen» direla argudiatuta. Amaierako ekitaldian, Madrilen deituta zegoen beste manifestazio batekin bat egin dute, streaming bidez