Euskal Presoak

Askatzea ukatu diote Aitzol Gogorzari

Espainiako Auzitegi Nazionalak kartzela psikiatriko batera eramateko agindu du. Gaitz larri bat du presoak.

2014ko abuztuaren 4a
19:07
Entzun

Gogorzaren defentsak osasun arrazoiengatik eskatu zuen preso gaixoa aske uztea. Auzitegi Nazionaleko epaileek, ordea, "arriskutsutzat" jo dute, eta ukatu egin diote hori. Europa Press albiste agentziak eman du erabakiaren berri, eta Basauriko espetxetik kartzela psikiatriko batera eramango dutela gaineratu du.

Gogorza gaur egun espetxean gaixotasun larriekin dauden euskal presoetako bat da. Gaixotasun psikologiko larria du Gogorzak duela hamar urtetik, eta haren hurkoek behin baino gehiago azaldu dute kezka; izan ere, gorabehera handiak izaten ditu. Bere buruaz beste egiten ere saiatu da.

Autoa uztailaren 22an sinatuta dago. Aske utzi nahi izan arren, Fernando Grande-Marlaska, Nicolas Poveda eta Ramon Saez Valcarcel epaileek aitortu dute kartzela psikiatriko batean egon beharko lukeela, behar duen tratamentua jaso ahal izateko. Fiskala ere aske uztearen kontra agertu zen. Ekainean EH Bilduko eta Amaiurreko ordezkariek Gogorza bisitatu zuten Basauriko espetxean.

Auzitegi Nazionalak hiru txosten izan ditu mahai gainean erabakia hartu aurretik. Bi auzitegiko medikuek idatzi zituzten, eta, gaixotasunaren larritasuna gutxiesteaz gain, auzitan jarri zuten bere buruaz beste egiteko saioak "egiazkoak" diren ere. Hirugarren txostena, ordea, Bilboko Kliniko Forentseko zuzendariak idatzi zuen, eta  argudiatu zuen gaitzak ez duela sendabiderik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.