Frantziako Poliziak sei pertsona atxilotu zituen atzo goizean Nafarroa Beherean, baina gauerako denak etxean ziren, aske, kargurik gabe. Parisko "terrorismoaren aurkako epaitegiak" agindurik, Polizia Judizialak burutu zituen atxiloketak, eta duela urtebete Kalaka Donibane Garaziko ostatuaren aurka burutu operazioaren segida izan zela esan zuen. "Kalakaren bidez mugimendu independentisten aldeko diru zuriketa egitea" leporatzen zien.
Atxilotuek, ordea, diote horretaz ez ezik, poliziek euskalgintzako eta abertzaleen arloko izen zerrenda ere erakutsi diela, galderak eginez.
Oraindik ez dago argi atxilotu bezala eraman zituzten seiak edo lekuko bezala. Laurence Levert epailearen aginduak dio "aurre-ikerketa" izan zela operazioa.
Arño Harispuru eta Jean Marie Irigoien Ibarrolan atzeman zituzen, Gerard Ihidoi Uharte Garazin, Alfred Uhart Bunuzen, Xantal Zanponi Ezterenzubin. Maurice Arretxe Hazparneko (Lapurdi) apeza ere atxilotu zuten.
Harispuruk 77 urte ditu, eta Ibarrolako auzapez ohia da. Haren egoerari buruzko kezka adierazi zuen Askatasunak, osasun arazoak dituelako. Alfred Uhartek 79 urte ditu. Gerard Ihidoi Uharte Garaziko zinegotzia da.
Joan den larunbatean mila pertsona elkarretaratu ziren Donibane Garazin, duela urtebete Kalaka ostatuaren aurka burutu polizia operazioa salatzeko. Ordutik lau pertsona preso daude, Frantzian. 2007ko atxiloketak "poliziaren azpijokoa" bertzerik ez zela izan salatu zuen Askatasunak, eta azpimarratu zuen lau atxilotuen aurkako salaketek ez zutela oinarririk.
Atzo, atxiloketak salatzeko, elkarretaratzeak egin zituzten, Nafarroa Beherean. Askatasunak antolaturik, 150 pertsona bildu ziren Donibane Garazin, eta bertze 150 Larzabalen. Askatasunak dei egin zien Ibarrola, Bunuze, Uharte Garazi eta Ezterenzubiko hautetsiei ere. Atxilotuen berri eman eta sostengua antolatzeko, bilkura bat antolatu du gaur, Ibarrolan.
Atxiloketak
Aske daude atzo Frantziako Poliziak Nafarroa Beherean atxilotutako sei lagunak
Guztiek euren etxean egin dute lo. Duela urtebete Kalaka ostatuaren aurka burutu operazioaren segida izan dela esan du Poliziak, baina euskalgintzako eta abertzaleen arloko izen zerrenda ere erakutsi diete, galderak eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu