Urtarrilaren 12an atxilotu zuten Fran Balda, euskal presoen abokatuen kontrako polizia operazioan. Ordutik, kartzelan egon da. Atzo gauean irten zen aske Navalcarneroko kartzelatik, 10.000 euroko bermea ordaindu eta gero.
Urtarrileko polizia operazioan atxiloturiko abokatuak aske utzi zituzten, baina haiekin batera atxilotu zituzten Balda, Jon Mintegiaga eta Jabi Carballido espetxera bidali zituen Eloy Velasco epaileak. Herrira-koak izatea egotzita atxilotu zituzten. Zehazki, "erakunde terroristako kide" izatea, hura finantzatzea, Gizarte Segurantzari iruzur egitea, zerga iruzurra egitea eta dirua zuritzea egotzi zien epaileak.
2013ko irailean ere atxilotu zuten Balda, akusazio berberagatik. Herrira-ko kide izanda "erakunde terroristako kide" izatea egotzi zien epaileak orduko atxilotuei, baita "erakunde armatua finantzatzea" ere. Hori argudiatzeko, legez kanporatuta dauden Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren "oinordekotzat" jo zuen Herrira epaileak.