Juan Mari Mariezkurrena Hernaniko presoa aske geratu da. Dueñasko espetxean (Espainia) zegoen, baina, gaitz sendaezin bat duela-eta, Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi du bertan behera uztea haren zigorra.
2010ean, Guardia Zibilak atxilotu zuen Mariezkurrena, Jose Camacho, Josune Balda eta Euri Albizurekin batera, "ETAri laguntzea" leporatuta. Torturak salatu zituzten. 2013ko otsailean, zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, baina, bermea ordainduta, libre utzi zuten gero. Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen zigorra, eta 2014ko maiatzean hartu zuten preso.
Auzitegi Nazionalaren ebazpenak Mariezkurrenaren osasun egoerari buruz auzitegi medikuak idatzitako txostena oinarritzat du. Etxerat elkarteaen ustez, Espainiako Zigor kodearen 80.4 artikulua indarrean jartzea albiste ona da, "baina inolako oparirik ez diotela egin argi eta garbi adierazi beharra dago".
Etxerat-en arabera, "Euskal Herrian itxaropenari ireki zaion fase berri honen ondorioz, euskal gizarteak bake prozesua eta gatazkaren konpontzea bukaeraraino eramatea erabaki du". Testinguru honetan, instituzioei eta eragile politiko eta sozialei eskatu die pausoak eman ditzaten "gaixorik dauden presoak askatzeko eta sakabanaketa eta urruntzea bertan behera uzteko".