Euskal presoak

Aske geratu da Txema Olabarrieta presoa

Gaur atera da Caceresko (Espainia) espetxetik. Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkako sumarioan zigortu zuten Olabarrieta; zortzi urte eman ditu preso.

Berria
2016ko abuztuaren 18a
09:24
Entzun

Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurka Baltasar Garzonek ireki zuen 33/01 sumarioan zigortu zuten Olabarrieta, beste hogei lagunekin batera. Olabarrietak zortzi urte eman ditu preso, eta gaur irten da Caceresko espetxetik. Zain zituen lagun eta senideak.

Manifestazioa Bilbon, abuztuaren 26an

Amnistiaren aldeko manifestazioa deitu dute zenbait preso ohik hilaren 26rako Bilbon. Amnistiaren norabidean presoak eta iheslariak etxera izango da leloa, Gasteizen eta Donostian bezala. Jaietan euskal preso eta iheslariek etxean egon behar dutela aldarrikatu beharra dagoela ikusten dute manifestazioaren deitzaileek.

Huelvako espetxean, protestak

Huelvako espetxean (Espainia) dituzten euskal presoen aurkako "irain eta mehatxu gogorrak" salatu ditu Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak (AEM). Azaldu dutenez, espetxeko patioan ping-pongean ari ziren presoak, joan den abuztuaren 8an. Euretako batek mahaia palaz jo zuen, "nahi gabe", eta funtzionarioak hurbildu egin zitzaizkion, jotzeko keinuka.

Une horretatik aurrera, ugaritu egin ziren presoen aurkako mehatxu eta irainak, eta areagotu egin zen tentsioa. Protesta gisara, bi egunez ziegatik atera gabe egon dira presoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.