Aske Gunea Bilbon

Aske Gunean sartu eta zigortutako bi grebalariak atxilotu ditu Ertzaintzak

Gaur agertu dira Urtzi Martinez eta Jon Telletxea, Bilboko Deustua auzoan, urriaren 2tik ezkutuan egon eta gero. Bi urte eta erdiko kartzela zigorra dute, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean pintaketak egiteagatik. Telletxea Basurtuko ospitaleko larrialdietara eraman dute

Zigortutako grebalariak beraien kabuz jeitsi dira kioskotik, ehundaka herritar inguruan zituztela. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Berria.eus
2014ko urriaren 11
07:59
Entzun

Ertzaintzak zigortutako grebalariak atxilotu ditu Bilbon, Deustuko San Pedro plazan egindako Aske Gunean sartu eta gero. Hor agertu dira, hain zuzen ere, Urtzi Martinez eta Jon Telletxea zigortuak, 13:45ak aldera. Joan den urriaren 2tik zeuden ezkutuan, kartzelan aurkezteari uko egin ziotenetik. San Pedro plazako kiosko gainera igo dira, eta plazan bildutako ehunka lagunek inguratu dituzte. Tentsio une batzuen eta bultzada batzuen ostean, ertzainek jarritako eskaileratik beren kabuz jaistea erabaki dute atxilotuek. Bere kabuz jaitsi den arren, ordea, ertzainak Telletxeari besoa bihurritu dio lurrera heldu denean. Basurtuko ospitaleko larrialdi zerbitzuetan artatu dute, berak eskatuta, atxiloketan eskumuturreko lesio zahar batean min hartu duelako.

Gazteak kioskora igo eta gutxira agertu dira Ertzaintzaren hogei bat furgoneta. Enparantza inguratu dute, eta bitan egin dute ahalegina kioskoraino iristeko, alferrik. Hirugarrenean, bultzaka zabaldu dute bidea han bildutakoen artean, eta, behin kioskora helduta, eskailera bat jarri dute zigortutako grebalariengana iritsi ahal izateko. Azkenean, negoziatu ostean, kioskotik beren kabuz jaistea erabaki dute bi gazteek, eta orduan atxilotu ditu Ertzaintzak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, gainera, Ertzaintzak beste bi lagun ere atxilotu dituela jakinarazi du, "desobedientziagatik".

Iñigo Astiz (@iastiz)  BERRIAko kazetariak egin du kontakizuna Twitter bidez.

Grebalariak Aske plataformak deituta, Aske Gunea egin dute gaur goizean Bilboko Deustuko San Pedro plazan. Greba orokor batean pintaketak egiteagatik bi urte eta erdiko kartzelarekin zigortutako auzoko bi gazteak babestea izan da helburua. Goiz osoan zehar izan dira protestak, eta 14:00etarako zegoen iragarrita elkarretaratze nagusia, Ez zaituztegu bakarrik utziko lelopean.

Urriaren 2aren aurretik espetxean aurkezteko agindua zuten Urtzi Martinezek eta Jon Telletxeak, bi urte eta erdiko kartzela zigor irmoa jaso ostean. Baina aurkeztu beharrean, ezkutatu egin ziren bi grebalariak. Hasiera batean, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean bi ertzain jipoitu izana egotzi zieten, baina goitik behera erori zen akusazioa epaiketan. Hori zela eta, euren kontrako auzia Poliziak egindako azpijokoa zela salatu zuten bi gazteek. Edonola, Bilboko auzitegiaren kanpoan pintaketak egiteagatik zigortu zituzten, urte eta erdiko kartzela zigorrarekin. Fiskalak, pintaketak egiteko orduan gazteek aurpegia estalia zutela argudiatuta, zigorra gogortzeko eskaera egin zuen. Eta baita epaileak bete ere: urtebeteko kartzela zigorra gehitu zion aurreko epaiari, bi urte eta erdikoa eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.