Sexu abusuak

Aske jarraituko du abusuengatik zigortutako Gazteluetako irakasleak

Pasaportea kendu diote akusatuari, eta astero joan beharko du epaitegietara. Irakasleak ihes egin zezakeela argudiatuta eskatu zuen akusazioak hura berehala espetxeratzeko.

Gazteluetako auziari buruzko epaiketaren une bat. MARISOL RAMIREZ, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2018ko azaroaren 28a
16:32
Entzun

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 11 urteko kartzela zigorra ezarri zion Gazteluetako irakasle ohiari, ikasle bati sexu abusuak egiteagatik. Zigorra aintzat hartuta, gaztearen familiak berehala espetxeratzeko eskatu zuen, argudiatuta irakasle ohiak ihes egiteko aukera "handia" zegoela. Ordea, fiskaltza bat etorri da defentsako abokatuarekin, eta baztertu egin du alde egiteko arriskua dagoela.

Akusazioak argudiatu du irakaslea Australiara joan zela urtebetez, bere aurkako salaketak argitara atera zirenean. Herrialde hartan irakaskuntzan aritu zen Opus Deik kudeatzen dituen eskoletan. Baina irakaslearen defentsak ukatu egin du hori, eta gogorarazi du handik itzuliz geroztik "auzitegien eskaera guztiak" bete dituela.

Badaezpadako neurria gisa, hala ere, pasaportea kendu diote irakasle ohiari, eta astero joan beharko du auzitegira sinatzera. Orain Gorenari dagokio akusatuaren defentsak jarritako helegiteari buruz erabakitzea. Epaia urtebeteko epean etor daitekeela dio hark. Aldiz, akusazio partikularra ez da iritzi berekoa, eta erabakia atzeratzeak "alarma soziala" eragingo duela ohartarazi du. 

"11 urteko zigorra oso gogorra da", adierazi du defentsak eta azaldu du ez dutela Gorenarekiko itxaropena galdu: "Errugabetuko duten esperantza du berak". Abokatuaren arabera, bestalde, ohikoa da, akusatuak behin-behineko askatasuna duen kasuetan, auzitegiek hura aske mantentzearen alde egitea, azken erabakia hartzen duten bitartean: "Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ohiko bideari eutsi dio".

Dena den, eta familiaren abokatuak zehaztu duenez, irakasle ohiari ezarritako zigorrarekin bat dator familia eta zihur dago Gorenak epaia beretsiko duela. "Abokatu gisa berehalako espetxeratzea eskatu behar nuen, kontuan izanik ezarritako zigorra larria dela eta beste norbaiti gauza bera egiteko arriskua egon daitekeela. Baina errespetatzen dugu aretoak hartutako erabakia".

Fiskaltzaren jarrerarekin, haserre

2008tik 2010era bitartean Gaztelueta ikastetxean sexu abusuak egin izana leporatuta epaitu zuten irakaslea joan den urrian. Ikasleak deklaratu zuenean, auzitegiko presidenteak zehaztasun handiagoak emateko eskatu zion. Salatu zuten akusatua bera baino gehiago biktima epaitu zutela galdera batzuekin.

Gaztearen gurasoak ere oso kritiko agertu dira fiskaltzaren jarrerarekin, eta "akusatuaren abokatu lanak" egitea egotzi diote zenbait unetan. Hala azaldu dio BERRIAri Juan Cuatrecasas aitak: "Jokabide horiek ez dira onargarriak, eta neurriak hartu beharko dira. Behin baino gehiagotan gure semea epaitzen ari zela zirudien".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.