Karabana Greziara egitasmoak Twitter bidez konfirmatu duenez, Tesalonikan atxiloturiko bi iruindarrak eta elkarteko beste ekintzaile guztiak aske gelditu dira behin-behinean, epailearen aurretik deklaratu ostean. Abuztuaren 5era atzeratu dute epaiketa. Operazio berean atzemandako migratzaileak, berriz, atxilotze guneetara itzularaziko dituzte. Iruñeko Gaztetxeko eta Zabaldi elkarteko kideak dira atxilotutako bi iruindarrak.
Bestalde, Karabana Greziara egitasmoak protesta eginen du gaur eta bihar Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, EB Europako Batasunaren migrazio politika gaitzesteko eta, zehazki, migratzaileak babesteko okupaturiko hiru gunere hustea eta ehunka pertsonaren atxilotzea salatzeko. Greziarako karabanan parte hartzen zuten bi iruindar daude atxilotuen artean.
Lehen elkarretaratzea Bilbon eginen dute, gaur 18:00etan, Greziako kontsul etxearen aitzinean (Euskadi plaza, 5).
Bihar, berriz, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eginen dute protesta, 12:00etan. Azken elkarretaratzea Iruñeko udaletxeko plazan izanen da, 19:00etan.
"Grezian izandako egonaldian, Europako gotorlekura sartzen saiatzen diren milaka pertsonari ezartzen zaien gizagabeko egoeraren lekuko izan gara. CIE atzerritarrak atxilotzeko guneak, migratzaileen eremuak eta militarrek kudeaturiko guneak ikusteko aukera izan dugu. Horietan guztietan, bakartzea, pertsonen metaketa jasangaitza, osasun eta higiene baldintza penagarriak eta elikadura ezin txarragoa ikusi ditugu; eta hori ikusirik, guk beste aldera begiratzea nahi dute gobernuek", azaldu du Nagore Gabilondo kazetariak, egitasmoko kideen izenean, Iruñeko Zabaldi elkartean eginiko agerraldian.
Greziako Gobernuaren eta Syriza koalizioaren jarrera ere salatu du Gabilondok, atzoko atxiloketen harira: "Kolpe errepresibo honekin, Greziako gobernuak zera adierazi nahi du: ez dagoela tokirik elkartasunerako, ezta irtenbide autogestionatuetarako ere. Soilik onartzen dira Europako Batasunaren politika kriminalak hitzez hitz segitzen dituzten estatuen karitatea, espetxeratzea, bazterketa eta deportazioa".