Aske dira jada atzo Arrotxapeko gaztetxea defendatzen ari zirela atxilotu zituzten sei gazte manifestariak. Iruñeko guardiako epaileak hala erabakita, behin-behinean utzi dituzte aske, eta ez diete kautelazko neurririk ezarri. Kausa judiziala irekita dute, ordea. Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, desordena publikoak eta lesioak eragitea, eta poliziei eraso egitea leporatuta ikertuko dituzte.
Gaztetxeko kideek agerraldia egin dute gaur atzo gaztetxea hustu izana eta Poliziaren indarkeria salatzeko, eta protestarako deialdi bat iragarri dute: hilaren 11n manifestazioa eginen dute auzoan. Arrotxapeko Maiteminduen parketik abiatuko dute mobilizazioa, 18:00etan.
Arrotxapeko gaztetxea hustu du Espainiako Poliziak. Atzo abiatu zuen operazioa Poliziak, eta bortizki oldartu zitzaien hustearen kontra protesta egin zuten gazteei. Hainbat dira zaurituak. Gaztetxekoek manifestaziora deitu dute hilaren 11rako. @berriapic.twitter.com/Y0Btd47JRE
— Uxue Rey Gorraiz (@_uxuerey) September 3, 2021
Agerraldian salatu dutenez, atxiloturiko sei gazteak ez ezik, 150 lagun baino gehiago identifikatu zituen atzo Espainiako Poliziak. Gaztetxekoek gogor salatu dute polizien bortizkeria: beren esanetan, agenteek 50 lagun baino gehiago zauritu zituzten atzo, eta, are, horietako bat ospitalera eraman behar izan zuten, artatzeko. Gazteen atzoko protestek helburu argi bat zutela adierazi dute: «espazioa defendatzea». Izan ere, gazteek aldarrikatu dute espazioak ezinbesteko dituztela antolatzeko, eta ildo hori jarraituta zehaztu dute manifestaziorako leloa: Antolatzerik ez, espaziorik gabe.
Arrotxapeko gaztetxeak gaur beteko zituen bost urte okupaturik. 2016ko irailaren 3an hartu zuten eraikina, gune autogestionatua sortzeko. Eraikina hutsik dago orain, eta dagoeneko hasiak dira hura eraisteko lanetan. Etxebizitzak eraikiko dituzte bertan. Horiek horrela, Arrotxapeko gaztetxeko kideek salatu dute espazioen erabilerarako legezko irizpidea «poltsikoen tamainak» ezartzen duela gaur egun.
«Gehiegikeria» izan da
Era berean, Espainiako Poliziak atzo izandako jokabidea kritikatu du Iruñeko Udaleko EH Bilduren bozeramaile Joseba Asironek. Adierazi du poliziaren jarduteko modua «oso zalantzazkoa» izan zela, baita «gehiegizkoa» ere. Harago ere jo du Asironek: «Auzi honen atzean beste gai bat dago: gazteei ematen zaien aukera falta, alegia».