Atzo Donostian izandako liskarretan Ertzaintzak atxilotu zituen bost lagunak aske utzi dituzte, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur esan duenez; atzo gaueko bederatziak aldera utzi zituzten libre. Bostek, ordea, epailearen aurretik pasatu beharko dute hurrengo astean.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak euskal presoen aldeko manifestazioa antolatu zuen atzo -urtero egin ohi da-, baina Jaurlaritzak debekatu egin zuen. Hala ere, milaka lagun azaldu ziren presoen eskubideen alde egitera, eta 13:45ean ekimena hasi zuten Bulebarrean, ezohiko leku batetik, pankartarik gabe eta eskuan afitxak zituztela. Sakabanaketa, gaixotasun larriak dituzten presoen aske ez uztea, zigorraren hiru laurdneak beteak dituztenak ere libre ez uztea eta Parot dotrina (zigor pilatzea) salatu zituzten.
Ertzaintzak, baina, galarazi egin zuen manifestazioa. Ondoren istilu handiak gertatu ziren Parte Zaharrean herritar eta ertzainen artean. Ertzaintzak bost pertsona atzeman zituen, desordenu publikoak eragitea leporatuta, eta beste bat inputatu egin dute, irain egin zielakoan.
Horretaz gain, kaleko jantziz zegoen Espainiako Poliziako kide batek pistola atera eta airera gutxienez zazpi tiro bota zituen Konstituzio Plazan.
DYAk 50 urteko gizonezko bat Donostiako Ospitalera eraman behar izan zuen, ertzainek botatako pilota batek bularrean jo eta gero. DYAkoek beste zazpi lagun artatu zituzten, ertzainen pilotakadengatik.
Donostiako Udaleko talde politiko guztiek atzo izandako istiluak arbuiatu egin dituzte gaur -EAE-ANV ez dago Udalean, Espainiako Justiziak baliogabetu egin zuelako-.
Politika
Aske utzi dituzte atzo Donostian atxilotutako bost lagunak
Epailearen aurretik pasatu beharko dute hurrengo astean. Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa galarazi egin zuten ertzainek, Eusko Jaurlaritzaren erabakiz, eta ondoren istilu handiak gertatu ziren Parte Zaharrean. Zortzi pertsona zauritu zituzten ertzainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu