Politika

Aske utzi dituzte atzo Ertzaintzak Donostian atxilotutako bi lagunak

Libre utzi duten bat adingabea da; bestea epailearen aurretik pasatu ondoren geratu da aske. Istilu handiak izan ziren hainbat lagunen eta Ertzaintzaren artean, falangistek manifestazioa egin nahi zutela-eta. Jaurlaritzak gaitzetsi egin ditu protestak, falangistei "beste faxismo mota batekin erantzun zietelako".

2007ko urriaren 13a
17:28
Entzun
Atzo Donostian falangistek manifestazioa egin nahi zutela-eta Ertzaintzak Bulebarra hustu ostean, istilu handiak sortu ziren eta, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, bi lagun atxilotu zituen. Horietako bat aske utzi dute gaur goizean -adingabea izateagatik- eta bestea epailearen esku utzi dute. Epaileak aske utzi du. Beste zazpi lagun identifikatu egin zituen Ertzaintzak.

Miren Azkarate Jaurlaritzaren bozeramaileak gaitzetsi egin ditu atzoko liskarrak, falangistei "beste faxismo mota batekin erantzun" zietela-eta hainbat lagunek. Ertzaintzak Bulebarra hustu aurretik, jaialdi antifaxista egiten ari ziren bi mila herritar inguru, eta gero istiluetan parte hartu zutenek jaialdiko lagun haien "fede onaz baliatu" zirela uste du Azkaratek.

Liskarrak direla-eta Odon Elorza Donostiako alkateak Jaurlaritza kritikatu du -"donostiarrok noiz arte segitu behar dugu gorrotoa eta probokazioa jasaten?", galdetu zuen Elorzak atzo-, eta Jaurlaritzaren bozeramaileak erantzun dio "arinkeriaz ez" jokatzeko eta "demagogiarik ez" egiteko. Jaurlaritza Falangearen manifestazioa eragozten eta gero Donostiaren erdialdean egiten ez uzten saiatu zela dio Azkaratek, baina auzitegiek eragotzi egin zutela asmo hori. "[EAEko] Auzitegi Nagusiak baimendu zuen Falangearen martxa", esan dio Elorzari.

Carmelo Barrio EAEko PPren idazkari nagusiak salatu du "faxista eta nazi bakarrak ETA-Batasuna mundukoak" direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.