Presoak

Aske utzi dute Iñaki de Juana

Goizeko zazpi eta erdiak inguruan atera da Aranjuezko (Espainia) espetxetik, 21 urtez preso egon ondoren. Aministiaren Aldeko Mugimenduak eguerdian Donostiako Alde Zaharrean biltzeko deia egin du De Juanari ongietorria emateko, baina Donostiara gaur ez joatea erabaki du De Juanak "zirku mediatikoa saihesteko". ETAko kide izan eta erakunde horren hainbat atentatutan parte hartzeagatik ezarritako zigorra osorik bete arren, De Juana aske uztearen kontra ari dira biktimen elkarteak eta Espainiako politikagintzako zenbait sektore.

2008ko abuztuaren 2a
16:34
Entzun
Irati Aranzabal eta Alvaro Reizabal eta Jone Goirizelaia abokatuak zituen zain Iñaki de Juana presoak goizeko zazpiak eta hogei inguruan aske utzi dutenean. Aranjuezko espetxetik irten eta ibilgailu batean sartu da zain zituen hiru lagunekin batera Euskal Herrirako bidea hartzeko. Guardia Zibilak eskoltatuta egin dituzte lehen kilometroak.

Hain zuzen ere, goizeko bostetatik Guardia Zibilak zorrotz zaindu du espetxearen inguru guztia, eta, esaterako, kazetariei ez die hurbiltzen utzi. Halaber, De Juanari harrera egitera Euskal Herritik joandako autobusari urreratzea eragotzi diote. Bidean hiru kontroletan eduki dute geldirik autobus hori.

Jone Goirizelaia abokatuak agertu du preso ohia "ondo eta lasai" dagoela, baina zertxobait baxu azken egunak gose greban egin dituelako. Libre utziko zutela-eta eztabaida piztu dute bikitmen elkarteek eta Espainiako politikagintzako eta komunikabideetako zenbait sektorek. Bere eta bere familiaren intimitatea urratzen ari zirela iritzita ekin zion gose grebari uztailaren 16an.

Eguerdi inguruan zen iristekoa De Juana Donostia jaioterrira, eta Alde Zaharrean biltzeko deia egin du Aministiaren Aldeko Mugimenduak ongietorria emateko. Hala ere, Donostiara gaur ez joatea erabaki du preso ohiak "zirku mediatikoa saihesteko". Aranjuezera harrera egitera autobusean joan diren lagunekin Nafarroan elkartu da De Juana, eta haiekin egon ondoren haratu du Donostiara gaur ez joateko erabakia. Nolanahi ere, gutun bat eman die Donostian zain zituenei irakurtzeko.

Hala, De Juanaren zain Juan de Bilbao kalean batutako ehun bat lagunen aurrean irakurri dute gutun hori eguerdi partean. Bera ere biktima dela agertu du De Juanak gutun horretan eta bera eta familia jasaten ari diren presioa salatu du.

Arestian esan bezala, De Juanaren askatzeak biktimen elkarteen, PPren eta beste zenbait erakunde eta komunikabideren protesta eragin du. Jarrera horrek izan du isla gaur eguerdian Donostian: Alderdi Ederren elkarretaratzea egin dute Dignidad y Justiciak, Covitek eta Ermuko Foroak antolatuta, eta, besteak beste, preso ohiak "nazka" ematen diela aldarrikatu dute.

Azken urteetan hainbat gose greba egin ditu De Juanak. Izan ere, ETAko Madril komandoko kide izan eta hainbat atentatutan parte hartzeagatik ezarritako zigorra 2004an bete zuen, baina Auzitegi Nazionalak hainbat neurri hartu ditu aske utz dezaten eragozteko eta horren kontra egin ditu gose grebak preso ohiak.

Hala, 2005eko uztailean berriro auzipetu zuen Auzitegi Nazionalak Gara egunkarian idatzitako bi artikulutan "mehatxu terroristak" egin zituela iritzita. 96 urteko zigor eskaria egin zuen Fiskaltzak 2006ko ekainean, eta gose grebari ekin zion De Juanak. 63 egunez eutsi zion protesta modu horri, eta Fiskaltzak eskaera aldatzean -4 eta 12 urte arteko zigorrera- bertan behera utzi zuen. 2006ko azaroan 12 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak eta orduan berriro hasi zuen gose greba.

Bigarren horrek 115 egun iraun zuen, eta oso larri zegoela utzi zuen bertan behera. Bitarte horretan polizia zaintzapean bada ere De Juana etxera eramateko agindu zuen Auzitegi Nazionalak, 79. egunean. Auzitegi Gorenak, berriz, 12 urtetik 3ra jaitzi zuen De Juanaren zigorra eta orduan utzi zuen gose greba bertan behera.

Artikuluengatik ezarritako bigarren zigor hori beteta atera da gaur, beraz, espetxetik.

Hala ere, hainbat ahots mintzatu dira aske uztearen kontra: biktimen elkarteak, PPko buruzagiak, Espainiako hainbat komunikabide, eta Espainiako Gobernuak ere ohar gogorrak egin ditu preso ohiaren aurka. Eskuin muturreko taldeen jomuga ere izan da egunotan De Juana: emaztearen etxearen atarian preso ohiaren kontrako pintaketak egin dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.