Aske utzi dute sanferminetan neska bat bortxatzea egotzita atxilotutako gaztea

Sexu erasoaren ustezko biktima 13 urteko neska bat da; haren amak jarri zuen salaketa

ainara arratibel gascon
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Epaileak libre utzi du sanferminetan 13 urteko neska bat bortxatu zuelakoan herenegun Espainiako Poliziak atxilotutako 18 urteko gaztea. Uztailaren 12an izan zuen ustezko erasoa neskatoak, amari kontatu zionez. Amak jarri zuen salaketa polizia etxean, eta ustezko erasotzailearen inguruko datuak eman zizkion Poliziari. Izan ere, aurrez elkar ezagutzen zuten. Gaztea herenegun atxilotu zuten. Epaileak, ordea, aske utzi du.

Sanferminetan hiru sexu eraso salatu zituen mugimendu feministak. Hilaren 11n, Andrea elkarteak eta Astelehen Lilak ekimenak jakinarazi zuten bi emakume bortxatu zituztela jaietan. Biktimek 16 urte eta 22 urte zituztela ere azaldu zuten.

16 urteko neskak ez zuen salaketarik jarri, baina bi taldeek ustezko bortxaketa ikertzeko eskatu zioten Fiskaltzari. 22 urtekoak Iruñeko polizia etxe nagusian jarri zuen salaketa. Han azaldu zuenez, Sarasate pasealekuko komun publikoetan izan zen erasoa, eta ustezko erasotzailea apur bat lehenago San Nikolas kaleko taberna batean ezagutu zuen 30 urtetik 35era bitarteko gizon bat zen.

Andrea elkarteak eta Astelehen Lilak ekimenak bi bortxaketa horien berri eman eta biharamunean sanferminetan beste sexu eraso bat izan zela salatu zuen Bilgune Feministak. 40 urteko emakume bat izan zen biktima, eta beste bi sexu erasoak salatzeko egindako elkarretaratzean izan zuten horren berri.

Eraso horien inguruan Iruñeko Udalak izandako jarrera gaitzetsi zuen mugimendu feministak.«Ezkutukeria eta informazio falta» egotzi zioten. «Azken bost urteotan hala egin dute, eta ondorioak garbiak dira. Ez dugu ulertzen Iruñeko Udala nola ez den atera erasoa izan duten emakumeei babesa ematera. Mespretxua da». Era berean, erasoen kontrako protokoloa abian jartzeko eskatu zioten.

Gora Iruñeak eta Peñen Federazioak bat egin zuten talde feministaren salaketarekin, eta bi elkarretaratze egin zituzten sexu erasoak gaitzesteko. Batetik, tabernak itxi zituzten ordu laurden, eta hilaren 14an elkarretaratze jendetsua egin zuten zezen- plazara joateko egin ohi duten kalejiraren ordez.

Enrique Maia alkateak ez zuenbortxaketen inguruko adierazpenik egin, mugimendu feministak kritika egin eta hurrengo egunera arte. Maiak adierazi zuen erasoak baieztatuz gero legea azkeneraino ezarri beharko zela. «Onartezinak dira sexu erasoak. Edozein unetan dira onartezinak, baina, zalantzarik gabe,festak baliatzeak larritasun handiagoa du». Jaien amaierako balorazioan ere Maiak «irmo» gaitzetsi zituen erasoak. Oposizioak neurri gehiago hartzeko eskatu zion.

Bestalde, Nafarroako Lurralde Auzitegiak errugabetzat jo ditu mendekotasuna duen adingabe bati sexu abusuak egotzita epaitutako bi gizon. 2009. urtean izan ziren ustezko abusuak. Epailearen arabera, adingabea gai zen sexu harremanak izan nahi zituen edo ez erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.