Guardia Zibilak Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako burua atxilotu du Bilbon. ETAri 'zerga iraultzailea' ordaintzeaz akusatzen du Jainaga Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak, eta enpresaburuaren etxea miatu ondotik agindu du atxiloketa.
Polizia iturrien arabera, Jainagaren etxean eginiko miaketan hainbat zantzu aurkitu ondoren erabaki dute hura atxilo eramatea.
Sidenor enpresak haltzairua ekoizteko bi planta ditu Gasteizen eta Basaurin (Bizkaia), eta estanpazio forjako beste bat Elgetan (Gipuzkoa). Sidenorko bozeramaileek Jainagaren "erabateko zintzotasuna" eta "profesionaltasuna" nabarmendu dituzte, eta gogora ekarri dute Frantziako Michelin konpainia multinazionalak Clermont Ferranden (Frantzia) duen egoitzan goi kargu bat utzi ondoren Euskal Herrira lanera itzuli zela.
Garzonek auzibidea irekia dauka ETAren finantzazio bideak ikertzeko, eta horren karietara atxilotu dute Jainaga.
Joan den ekainaren 12an, ikerketa prozesu berean, Orioko (Gipuzkoa) bi enpresaburu kartzelatzeko agindu zuen Garzonek. Maribel eta Blanca Rosa Bruño Azpirotz ahizpak bezperan atxilotu zituzten, ETAri "beren borondatez" 6.000 euro ordaindu izana egotzita. Epailearen iritziz, bi ahizpek "hurbiltasun ideologiko handia" dute ETArekin, baina haien senideek halakorik ukatu egin zuten, eta aitak urtetan "estortsioa" jasan duela gogorarazi zuten.
Euskal Herria
Aske utzi dute Sidenor enpresako kontseilari ordezkaria
Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako kontseilari delegatua atzeman du Guardia Zibilak Bilbon, hark ETAri 'zerga iraultzailea' delakoa ordaindu izana leporatuta. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak agindu du atxiloketa, haren etxebizitzaren miaketa burutu ondoren. Deklarazioa hartu ostean libre utzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu