Zigor Goieaskoetxea Batasuneko kidea aske da, gaur goizetik, kargurik gabe. Astelehenean atzeman zuen Frantziako Poliziak, Miarritzen (Lapurdi). Duela bi aste Batasunaren kontrako operazioan ez zuten atzeman hura -ezta Jon Goio ere-, etxera bila joan arren. Herenegun, etxetik irteten ari zela atxilotu zuten, 12:00ak aldera. Baionako polizia-etxera eraman zuten ondoren.
Lehengo astean komunikabideen aurrean agertu ziren Goieaskoetxea eta Goio, Baionan, lagun andana baten babesarekin. EHAK auziaren baitan, Baltasar Garzon epailearen aitzinean deklaratzera deitu zituzten irailean, baina ez zirela azalduko jakinarazi zuten. "Gure engaiamendua hor dago, gure lana gure herrian egiten dugu eta gure jarduera politikoa segituko dugu", adierazi zuen Goieaskoetxeak atzo. "Euroaginduaren arriskua hor dago, baina guk segituko dugu gure lana egiten". Goieaskoetxeak eta Goiok berretsi zuten ez dutela Garzonen aurrean deklaratzeko asmorik.
Irailaren 24ko operazioan Batasuneko Iparraldeko hamalau kide atzeman zituen Poliziak, Laurence Le Vert eta Marie-Antoinette Houyvet epaileek aginduta. Polizia iturrien arabera, bi auzi zeuden operazioaren atzean: Kalaka Donibane Garaziko herriko taberna-ren finantziazioari buruzkoa bata, eta Alain Ducasse sukaldariak Bidarrain (Nafarroa Beherea) duen jatetxearen kontrako atentatuei buruzkoa bigarrena.
Xabi Larralde, Giuliano Cavaterra, Frederic Karrikart eta Gwenaelle Morvan Baionan atzeman zituzten, Maider Duhalde eta Jean-François Lefort Lekuinen (Lapurdi), Haritza Galarraga Senperen (Lapurdi), Jokin Etxebarria Urruñan (Lapurdi), Jon Irazola Lekornen (Lapurdi), Jean-Claude Agerre Jutsin (Nafarroa Beherea), Aurore Martin Anhauzen (Nafarroa Beherea), Antton Etxeberri Bunuzen (Nafarroa Beherea), eta Patricia Martinon eta Eñaut Elosegi Aiherran (Nafarroa Beherea).
Aste berean denak libre utzi zituzten, kargutik gabe.
Atxiloketa
Aske utzi dute Zigor Goieaskoetxea Batasuneko kidea, kargurik gabe
Astelehenean atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Miarritzen, eta bart utzi dute libre. Orain dela bi asteko operazioan ez zuten atzeman, bila joan arren. Irailaren 24an atxilotutako hamalau lagunak ere libre utzi zituzten, kargurik gabe. Goieaskoetxea, EHAK auziaren baitan Garzon epailearen aitzinean deklaratzera deitu zuten irailean, baina ez zela azalduko jakinarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu