Joan den urtarrilean atxilotu zuten Santiago Arrospide preso ohia, 1986ean Madrilen izaniko atentatu batean parte hartzea leporatuta. Hain zuzen, Espainiako fiskal nagusi ohi Luis Antonio Buron Barbaren kontrako atentatuan parte hartzea egotzita atxilotu zuten, eta gaur hasi da haren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Fiskalak 14 urteko espetxe zigorra eskatu du Arrospideren kontra, agindua eman zuela argudiatuta. Suarez Gamboaren deklarazioan oinarrituta egin du akusazioa fiskalak.
Santiago Arrospidek aske uzteko eskatu du, eta ez du deklaratu nahi izan bere kontrako gaur goizeko auzi saioan. Gaurko auziaz gainera, 1987an Bartzelonan Juan Fructuoso Gomezen kontra prestatutako atentatuagatik ere auzipetu dute Arrospide.
40 egunera berriro kartzelan
Frantzian betetako espetxe urteak kontutan hartuta irten zen kartzelatik Santiago Arrospide joan den abenduan, 27 urteko espetxealdia amaituta. Erabakiak polemika handia eragin zuen, eta martxoan, Auzitegi Gorenak, baliogabetu egin zuen Arrospide aske uzteko Auzitegi Nazionalak abenduan hartu zuen erabakia. Ordurako jada kartzeleratuta zegoen Arrospide, gaur epaitu duten auziarekin lotuta.