Bilbo: gizon bat atxilotu du Ertzaintzak bere bikotekidea erasotzeagatik. Atzo erredakzioetan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik jasotako oharretako bat da, genero indarkeriarekin lotuta egunero heldu ohi diren albiste horietako bat. Beste bat. Eta errealitate horren kontra kalera irten ziren atzo milaka pertsona Euskal Herri osoan; azaroaren 25 guztiak izan ohi baitira, hain justu, bortizkeria modu hori gaitzetsi eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harreman eredu berri eta parekide bat aldarrikatzeko. Aski da! esateko eguna izaten da, eta berriro hasteko deia egitekoa.
Ikur more distiragarriek bete zuten, esaterako, Iruñea mugimendu feministak deitu zuen manifestazioan. Gazteluko plazatik atera, eta hantxe bertan bukatu zen mobilizazioa: jendetsua. Abiatzerako, plazatik Merindadeetarainoko eremu guztia bete zuten manifestariek. Ez dugu amore emango, lege hutsal gehiago ez, Horixe pankartako leloa. Oihuen artean egin zuten bidea: Epaileak eta legeak ere konplize dira, Erasorik ez!... Euri zaparrada handia bota zuen Iruñean, baina manifestaziorako ateri zen.
Bilbon Arriaga plazatik abiatu zen manifestazioa. Buruan, hainbat emakume: zuziak piztuta. Eta Bizkaiko Koordinadora Feministaren pankarta: Hitz gutxiago, ekintza gehiago. Horixe izan zen atzorako mugimendu feministak hautatuko lelo nagusia. Atzean emakume eta gizonezko ugari joan ziren. Oso mobilizazio koloretsua izan zen; ikur eta puxika moreak edonon. Erasorik ez erantzunik gabe, Kalea eta gaua geureak dira, Erasotzaileei hortzak erakutsi. Horra entzun ziren zenbait oihu. Amaieran irakurri zuten mezuan indarkeria sexista «lehen lerroko arazo politikoa» dela aldarrikatu zuten eta baliabide gehiago eskatu zituzten indarkeria klase horren aurka egiteko. «Ez gara geldirik geratuko; lege urraketak salatzen jarraituko dugu, eta aldaketak proposatzen. Are gehiago, emakumeen antolaketa eta autodefentsa feminista aldarrikatzen jarraituko dugu».
Donostian Bulebarretik abiatu zen manifestazioa. Genero indarkeriaren kontrako legeriaren «akats ugariak» gaitzetsi zituzten manifestazio amaieran, eta horren ondorioz egoera gordinak bizi dituzten hainbat andrazkoren errealitatea salatu zuten. «Ez gara biktimak, ez gara subjektu pasiboak eta ez gara instituzioetatik bultzatzen diren neurri asistentzialekin konformatzen». Gasteizen, berriz, bukaerako hitza prostituzioan ari den andre baten lekukotasunari eman nahi izan zioten. «Ez naiz existitzen hiriarentzat, ez naiz existitzen instituzioentzat. Ikusezina naiz». Baztertua den lesbianari. «Eskolan gorriak ikusi ditut. Iraindu egin naute, marimutil deitu». Senarrak jotzen duen andreari. «Hainbat urtean eraso egin zidan gizonak: fisikoki, psikologikoki, sexualki. Salaketa jartzea ebatzi nuenean, epaitua ni nintzela sentitu nuen». Bikotekideak arnasa hartzen uzten ez dion neska gazteari. «Nik egiten nituen gauza asko kontrolatzen zizkidan senargaiak». Hilabete amaierara heldu ezinik dabiltzan horiei guztiei. «Diru sarrerak bermatzeko errentari esker bizi gara»
Baionan ere elkarretaratzea egin zuten. Ehun bat lagun elkartu ziren Sexismoak hiltzen gaitu pankartaren atzean. Indarkeria sexistaren aurkako kolektibo feministak deitu zuen protesta.
Sindikatuen ekarpena
Sindikatuak ere plazara atera ziren indarkeria sexistaren aurkako aldarriarekin. Emakume taldeek eta bestelako eragileek antolatutako mobilizazioekin bat egiteaz gain, haietako zenbaitek ekitaldi eta mobilizazio bereziak ere antolatu zituzten.
ELAk, esaterako, prestakuntza jardunaldia antolatu zuen Bilboko Bidebarrieta liburutegian, eta, ostean, elkarretaratzea egin zuten Arriaga plazan, Lan mundutik indarkeria sexistari stop leloa zuen pankarta batekin.
LABek, berriz, bilkura antolatu zuen Bizkaiko emakumeekin eta, ondoren, kalejira egin zuen Bizkaiko Kale Nagusian zehar. Aurten, emakumeen pobretzea nabarmendu nahi izan du LABek, «emakumeak pobreziara zigortzea ere indarkeria» dela salatzeko asmoz. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak salatu zuen instituzioak «egoera makillatzen» aritzen direla eta hartzen dituzten neurriek ez dutela desberdintasuna «auzitan» jartzen.
CCOOk Bilboko Pio Baroja plazan egin zuen elkarretaratzea, Genero indarkeria ez da beti ikusgarri, jantzi betaurrekoak lelopean. Gogoan hartu zituzten euren bikotekideek zein bikotekide ohiek hildako emakumeak.