Gaur eguerdian aurkeztu dute Azkoitiko (Gipuzkoa) Sare plataforma, ekitaldi batean, eta askotariko babesarekin ekin dio bideari, han izan baitira Felix Azurmendi herriko erretore eta Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain zenean haren ondoko izana, Ramon Unanue (EAJ) eta Pello Bastarrika (Bildu) alkate ohiak, Ventura Garnateo PSE-EEko zinegotzi ohia, Xabin Juaristi euskal preso ohia, Jokin Errasti pilotari izana eta Xabier Euzkitze ETB1eko esataria. Fernando Tapia Gipuzkoako Aldundiko EAko diputatu ohiak ere agertu die atxikimendua.
Xabier Arzalluz EAJren EBBko presidentea izandakoak esana zien aurkezpenean egongo zela, herriko Sareri sostengua emateko, "baina azken orduko ezuste bat medio Azkoitira azaldu ezina jakinarazi du, eta aditzera eman du aurrerago ere izango dela aukerarik", esan du euskal presoen eskubideen aldeko plataformak, ohar batean.
Azkoitian euskal presoen eskubideen aldeko plataformak horrelako babesa jaso izana "historikotzat" jo dute aurkezpenean. Dozenaka herritar ere agertu da ekitaldira. "Presoak sakabanatzea mendekua iruditzen zait", azpimarratu du Azurmendi erretoreak. Rosario Lasa Azkoitiko Sareko bozeramaileak jasotako babesa nabarmendu du: "Presoen eskubideen aldeko elkargunea izan nahi dugu. Gure erronka sare herritarra ehunduz joatea da egunerokoan; sarea osatuz joatea norbanakoz norbanako, eta egingo ditugun ekinbideek helburu hori izango dute”.
Urte Zaharretan Azkoitian 18:30ean izango den manifestazio isilera eta urtarrilaren 10eko Bilboko mobilizaziora azaltzeko deiak zabaldu dituzte.