Pirinioetako hartz arreak Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioko arduradunen agendan agertu dira, bat-batean. Erakunde horretako eta Nafarroako, Aragoiko, Kataluniako, Kantabriako, Asturiasko, Gaztela Leongo eta Galiziako gobernuek bat egin dute, aurreneko aldiz, eta elkarrekin Life proiektua aurkeztu dute Europan, animalia horren alde; Pirinioetarako, bai eta Kantauriar mendikaterako ere. Gizakiak eta hartzak izenburupean, hamalau milioi euroko aurrekontua du proiektuak, eta, onartuz gero, hartz arre eme bat ekar dezake Nafarroara. Udaberrian jasoko dute erantzuna. Baiezkoa bada, Nafarroak 1,2 milioi euro jasoko lituzke Europatik.
Nafarroan hartz bat askatzeko aukera jasotzen du testuak, eta harritzekoa da Nafarroako Gobernuak ontzat jo izana, azken hamarkada luzean hartzaren inguruan garatu duen politika kontuan hartuta. 1996. urtean onartu zuten Nafarroan hartza leheneratzeko plana; testu hartan idatzita jaso zen hartzak ekartzeko aukera bazter gelditzen zela. Geroztik, iritzi bera agertu dute Ingurumen Departamentuko kideek hainbat aldiz. Hartzaren alde lan egiten duten taldeen artean, hain zuzen ere, kritika zorrotzak eragin izan ditu Nafarroako Gobernuaren jarrera horrek, gizakiaren eta hartzen arteko elkarbizitza bultzatzeko benetako neurririk ez duelako bultzatu. Fiep izan da nafarren «utzikeriarekin» kezka agertu duten taldeetako bat.
Errealitatea argia da. Pirinioetan, erdiko eremuan baino ez dute gora egin hartzek azken urteotan, eta gorakada hori gertatu da Frantzian askatutako animalien, eta Frantzian eta Katalunian artzainen eta hartzen alde martxan jarritako neurrien eskutik. Pirinioetako gainerako administrazioentzat, berriz, hartza ez da ia existitu. Orain arte. Mendebaldeko eremuan desagertzeko zorian da animalia. Bi hartz bertzerik ez dira gelditzen, eta biak dira arrak. Nafarroan bizi zen Camille-rekin desagertu zen, 2010. urtean, Pirinioetako bertako azken hartza.
Nafarroan bertan hartza zegoenean, Ingurumen Departamentuak ez zuen animaliak askatzeko proiekturik bultzatu edo babestu. Life proiektua sinatuta, beraz, orain arte jorratu ez duen bidean urratsa egin du. Iritzi aldaketa horri erreparatu diote hainbat talde ekologistek, eta zalantzak agertu dituzte aldaketa eragin duten arrazoiei buruz; zalantzak, halaber, aurkeztutako Life proiektua gauzatzeko benetako aukerei buruz ere.
Hartzaren alde edo kontra?
Ez du bakarrik Nafarroako Gobernuaren jarrerak eragin hainbat talde ekologistaren zuhurtasuna. Orain hartzaren alde bat egin duten administrazio guztiak jarri dituzte kritiken eta kezken jomugan, proiektuari dagokion hamalau milioi euroko aurrekontua jasotzeko asmoa bertzerik ez dutela uste baitute. Alegia, hartza leheneratzeko proiektu baten izenean, administrazioen helburu nagusia dirua dela uste dute.
Gogoratu dute orain Life proiektuari babesa eman dioten administrazioen artean zenbaitek hartu izan dituztela erabakiak hartza leheneratzeko lanaren kontra. Gaztela Leon (Espainia) da adibiderik argiena. Auzitara eraman dute hango gobernua zenbait taldek, San Glorio eski estazioko proiektuaren harira, eski pistak hartza bizi den tokian egin nahi baitituzte. Zehazki, kantauriar hartz arrearen ekialdeko eremuan. Hori da ahulena. Palentzian (Espainia), oraindik ere, hartzak hiltzen dira gizakiaren eskuetan. Azken urteotan hainbat animalia aurkitu dituzte hilda. Orain, hartzaren izenean, dirua jasotzeko prest da Gaztela Leon. Hartzaren alde erabiliko ote duen ez dute denek argi.
Gizakiak eta hartzak Life proiektua «iruzurtzat» jo dute taldeok, eta manifestu bat sinatu dute hori agertzeko. Sinatzaileen artean dira, bertzeak bertze, Fapas, Grefa, Geca eta Palentziako Ekologistak Martxan. Life proiektuaren berri, hain zuzen, Asturiasko Fapas taldeak eman zuen aurrenekoz, duela hilabete batzuk. «Iaz ezagutu genuen guk, kasualitatez. Modu erabat isilean Asturiastik Pirinioetara hartzak eramateko proiektua prestatzen ari ziren administrazioa eta Hartz Arrea Fundazioa», azaldu du Fapaseko presidente Roberto Hartasanchezek. Hartz Arrea Fundazioak parte hartzen du Life proiektuan, milioi bat euro inguruko aurrekontuarekin.
Iazko maiatzeko hauteskundeen emaitzek, hala ere, hutsean utzi zuten lehendabiziko saioa. Hauteskundeak pasatuta, Hartz Arrea Fundazioko buru Guillermo Palomerok bilera egin zuen Asturiasko gobernu berriko Natur Baliabideen zuzendari nagusi Oscar Rodriguezekin. Proiektu bera aurkeztu zuen Palomerok. Baina Asturiasko Gobernuak hango hartzak Pirinioetara eramateko aukerari ezezko borobila eman zion. Oviedoko Unibertsitateko hainbat aditu ere agertu dira, geroztik, aukera horren kontra.
«Gezurra da inoiz hartzak Asturiastik ekartzeko aukera jaso duenik proiektuak», erran du Palomerok. Rodriguezek berak eman du, ordea, Palomerorekin izandako bileraren berri, eta asmoa Asturiasko hartzak ekartzea zela argitu du. Joan den udan, azkenik, Bruselan aurkeztutako proiektuaren izenari erreparatuz gero, gainera, argi gelditzen da bigarren bertsioa dela, halaxe jasotzen baitu azalean. «Asturiasko hartzei buruzko aipamenak kendu behar izan zituzten, erakunde horrek babesa eman ziezaion proiektuari», adierazi du Hartasanchezek.
Aipamenik ez da Life proiektuan, baina Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko kideek, adibidez, argi dute aukerarik onena hori dela. «Errazagoa litzateke kantauriar hartz arreak askatzea, bertze edozein herritakoak baino; gainera, genetikaren ikuspuntutik, hemengo populazioa aberastuko lukete», erran du departamentuak. Hartz arre kantauriarrak ekartzea lehentasunezko aukeratzat ere jo dute. «Lehendabizi, hala ere, kantauriar hartz arrearen ekialdeko populazioa sendotu beharko da, eta mendebaldekoarekin lotzeko urratsak egin», zehaztu du.
Ezezkoari eutsi dio Palomerok. Are gehiago, hartzak nondik ekarri erabakitzeko, aurretik bideragarritasun ikerketa egin beharko dela azaldu du, hartzak emateko moduan diren populazioak aztertu eta zerrenda osatu ahal izateko. Hartz Arrea Fundazioko buruak gehiago erran du: «Life proiektua onartzeak ez du erran nahi, derrigorrez, hartzak askatuko direnik».
Hartzik gabe, hankamotz
Hamalau milioi euroko aurrekontuari so eginez gero, kopuru horren % 3,6 bertzerik ez du hartzen Pirinioetara hiru hartz ekartzeko sailak. 400.000 euro inguru. Nafarroan eta Aragoin (Espainia) eme bana, eta Katalunian ar bat askatzea da proiektuak jasotzen duen aukera. Baina gerta daiteke aukera hori inoiz ez gauzatzea. «Hamalau milioi euroko proiektua, hartzak ez askatzeko? Hori gehiegizkoa litzateke», salatu du Hartasanchezek. «Agerian gelditzen da hartza leheneratzeko asmoa ez dela proiektu honen lehentasuna. Poltsikoak betetzea dela kontua. Kontua da, hartzak askatzeko aukera jaso gabe, Europatik sosak lortzeko aukera gutxi zegoela».
Hartzik gabe, argi eta garbi, hankamotz geldituko litzateke proiektua. Baina, aldi berean, zalaparta handirik sortzeko beldurrik gabe proiektuarekin aurrera jarraitzeko aukera emanen lieke Pirinioetako administrazioei. Palomerok erran du proiektuak ez duela ziurtatzen hartzak askatuko direnik. Eta horixe bera berretsi du Nafarroako Gobernuak. «Aztertu beharko da aukera horrek herrialdean izanen lukeen erantzuna, eta lan egin beharko da ahalik eta adostasunik handiena lortzeko asmoz. Oraindik, hala ere, ez dago deus erabakita».
Ezin da ahaztu bai Pirinioetako, bai eta kantauriar hartz arrearen ekialdeko populazioak sendotzeko aukera izan dela, berriki, Europako dirurik gabe, eta bertan behera gelditu dela. 2011n, Pirinioetako mendebaldeko eremuan eme bat askatzeko konpromisoa hartua zuen Frantziako Gobernuak. Dena prest zegoenean, eta hartza ekartzeko egun eskasak gelditzen zirenean, atzera egin zuen. Ekologia Ministerioaren iritziaren eta erabakien gainetik, hartzik ez askatzea erabaki zuen Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak berak. Berriki, Pirinioetan hartzak askatu izana «hanka sartzea» izan dela ere erran du. Hala ere, Frantziak babesa eman dio Espainiako Gobernuak aurkeztutako proiektuari.
Hartzak ez askatzeko azken erabaki hori kolpe latza izan zen Biarnon hartzaren alde lan egiten dutenentzat. Fiepeko kide Gerard Caussimontek argi erran du: «Berdin zaigu Life proiektu batekin, edo gabe: hartzak ekartzea da lehentasuna».
Frantziako hainbat talde ekologistek —tartean, Fiep, Ferus eta Adet-Pays de l'Ours taldeek— baimena eskatu diote Frantziako Gobernuari, hartzak haien kabuz askatzeko. Nafarroako eta Aragoiko gobernuei, halaber, eskaera hori egin diete. Baina erantzunik ez dute jaso. Fapasek, halaber, bi hartz eme askatzeko baimena eskatu dio berriki Nafarroari, 30.000 euroan. «Ez digute erantzun».
Kantauriar hartz arrearen ekialdeko populazioan aukera are errazagoa izan zen, baina hutsean gelditu zen. Izan ere, azken urteotan bi hartz kume aurkitu dituzte mendebaldeko eremuan, zaurituta, eta sendatu eta gero, basora itzuli dituzte. Biak, berriz ere, kantauriar hartz arrearen mendebaldeko eremura. «Aukera paregabea galdu dugu ekialdeko populazioa sendotzeko, eta ia doan, baina hori ez zaie interesatzen», azaldu du Hartasanchezek.
Pirinioetan hartzak askatzeko gero eta presio handiagoa egin dute talde ekologistek azken urtean, eta inkestek erakusten dute herritarren gehiengoak ere animaliaren aldeko jarrera duela. Ekologisten eta herritarren hartzaren aldeko lan horrek, ziurrenik, zerikusirik badu Espainiako Gobernuak Europan aurkeztutako Life proiektua prestatzeko erabakiarekin.
Euskal Herrian bertan, errealitatea aldatuz joan da. Erronkarin (Nafarroa) hartzak pizten zituen eztabaida sutsuak aspaldiko kontu dira. Life proiektuaren berri zabaldu bada ere, artzainak eta abeltzainak ez dira kontra agertu jendaurrean. Kontuan hartu behar da Camille zegoenean dirua irabazi zutela hari esker, erasoak gertatzen baziren, eta, erasorik ez bazen ere, ardiak hartzaren eremuan izateagatik. Azken laguntza horiek aurten desagertu dira. Hartzak turismoa eta dirua erakartzeko balio dezakeela ohartu dira Erronkarin, eta haren aldeko apustua egiten hasi dira.
Administrazioari dagokio orain erakustea animalia horren alde Life proiektuaren bidez egin duen apustua betetzeko prest dela. Proiektuari babesa eman diote Nafarroako Ekologistak Martxan, Kataluniako Depana eta Lo Pi Negre, eta Zaragozako Fondo Natural taldeek. Babes hori eskertu du Palomerok, eta erran du taldeei dagokiela proiektua behar bezala gauzatzen dela kontrolatzea. Nafarroan, akaso, zailagoa izanen da kontrol hori ezartzea, zehazki hartzaren alde lan egiten duen talderik ez baita.
Fauna. Hartzaren aldeko Life proiektua
Asmo onak eta susmo txarrak
Beren lurraldean hartzak dituzten administrazio guztiek bat egin dute, lehen aldiz, Pirinioetan hartzak askatzea proposatzen duen Life proiektuan; Espainiako Gobernuak Europan aurkeztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu