«Aspaldi» hasitako bidea segituko dute sinatzaileek, «gutxienekoak» adostuta

Izenpetutako agirian Bakerako Hezkuntza Planarekin aldeak badaudela uste dute eragile batzuek

G. G. - Maite Asensio Lozano
Bilbo
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Iaz, Bakerako Hezkuntza Planaren inguruko eztabaida puri-purian zegoenean, ordura arte hezkuntzan bakegintza eta bizikidetzaren alde egindako lana aitortu beharra nabarmendu zuten sektoreko eragileek. Hilabeteetako isilunearen ostean, Bizikidetzarako hezkuntzaren aldeko konpromisoa idatziak plazaratu dituen asmoak eta balioak ez dira berriak hezkuntza komunitatearentzat. Ontzat dute horiek jasotzen dituen testua izenpetzea, etorkizuneko lanari begira baliagarri izan daitekeelakoan.

KOLDO TELLITU



Ikastolen Elkarteko presidentea

«Bizikidetzaren gaian gehiago dira dauzkagun adostasunak desadostasunak baino»

Bakerako Hezkuntza Planarekin ez, baina Jaurlaritzak bultzatutako adierazpenarekin bat egin du Ikastolen Elkarteak. «Aldaketa nabarmenak ditu: orain indar nagusia jartzen da giza eskubideen ikuspegi integral batean, eta uste dugu Euskal Herriak bizi duen egoeran aurrerapausoa dela». Koldo Tellitu presidenteak sinatu zuen adierazpena Ikastolen Elkartearen izenean. Eragile batzuen eta besteen artean akordioak lortzeko bidea badagoela irizten dio: «Bizikidetzaren gaian, gehiago dira dauzkagun adostasunak desadostasunak baino».

Aro politiko berria zabalduta, «ezberdinen arteko akordioak» lortu behar direla nabarmendu du Tellituk, eta horren hasieratzat jo du atzo sinatutako agiria: «Garaia da zubiak eraikitzen hasteko, eta ekimena horretarako da». Adierazpenari berari baino, haren esanahiari eman dio garrantzia Ikastolen Elkarteak: «Aurrera egiteko konpromisoa hartzeak du garrantzia. Hori da giltza. Badakigu nondik gatozen, eta orain elkarrekin egin behar dugu lan. Hori da inportanteena. Desberdinen artean egindakoaren adierazle dira adostutako agiria eta hartutako konpromisoak».

Sindikatu nagusiek, ordea, uko egin diote parte hartzeari. Tellituk parte hartu ez dutenei dei egin die ekimenean egotera.

Agiria izenpetuta, adierazitakoa nola egikaritu erabaki beharko dute. «Euskal Herriak bizi dituen garai berriotan, beharrezkoa da ikasleak haztea bizikidetzaren kontzeptuarekin: behar diren unitate didaktikoak eta horrelakoak egin behar dira. Horri bide berri bat zabaldu diogu».

IÑAKI GOIRIZELAIA



EHUko errektorea

«Unibertsitatea sortu zenetik helburu horrekin lan egin dugu, eta jarraituko dugu»

Bidea ez dute hutsetik hasiko hezkuntzako eragileek. EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, esaterako, «aspaldi» hasi zen bizikidetza eta bakegintza jorratzen, Iñaki Goirizelaia errektoreak azaldu duenez: «Unibertsitatea sortu zenetik helburu horrekin lan egin dugu, eta jarraituko dugu. Zelan izango da posible unibertsitateak ikasle kritikoak ez sortzea?».

Era berean, EHU erakunde autonomoa dela ekarri du gogora errektoreak, eta bere tresnak dituela «gizarteko hainbat gairi buruzko hausnarketa» egiteko. EHUgune jarri du adibide, unibertsitateak gizarte zibilarekin eztabaidatzeko espazioa: «Elkargune bat da, beste gauza batzuen artean, bizikidetzari buruz hitz egiteko, unibertsitatearen barruan, unibertsitatean hitz egiten dugun moduan». Dioenez, EHUguneren barruan jorratutakoa gizarteratzeko garaia ere iritsiko da: «Ondorioak bere momentuan plazaratuko ditugu».

USOA URBIETA



EHIGEko presidentea

«Gauzatzea adosteko dago, baina hor hitza ikastetxe bakoitzak izango du»

Eskolan bizikidetza «bultzatu» eta «indartu» beharra nabarmendu du Usoa Urbietak, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko presidenteak. «Aro berri batean gaude, eta ezinbestekoa da horren aurrean jarrera baikor bat izatea».

Dokumentuaren edukia gauzatzerakoan, baina, zentroek autonomia izan behar dutela nabarmendu du. Ildo horretan, ikusteko dago non geratuko diren garai batean hainbeste eztabaida eragin zuten biktimen testigantzak. «Hori zehaztu gabe dago», onartu du Urbietak. Adierazpenaren ostean, landu beharreko hurrengo pausu garrantzitsua dela erantsi du: «Adosteko kontua izango da, eta bide hori egin beharrean gaude oraindik, baina hor hitza ikastetxe bakoitzak izango du».

JONAN FERNANDEZ



Baketik fundazioaren zuzendaria

«Hemendik aurrera giza duintasuna eta eskubideak izango dira topagune»

Dokumentuaren edukiarekin pozik dago Jonan Fernandez Baketik fundazioko zuzendaria. «Inflexio puntutzat» du atzoko ekitaldia: «Orain arte, oztopo batzuk egon dira planteamendu bateratuak edukitzeko. Hori atzean gelditu da, eta hemendik aurrera giza duintasuna eta giza eskubideak izango dira topagune eta abiapuntu».

Testua gutxienekoen akordioa dela onartu du Fernandezek, baina eragile guztiak horretan batuta daudela nabarmendu du. Eta gaineratu du minimo horiek ez direla edonolakoak: «Gutxienekoak dira, baina oso sakonak, zeren hor dena sartzen da: giza eskubideen urraketa guztiak; biktima guztiak; iragana, oraina eta etorkizuna aztertzeko elementu guztiak. Eta erreferentzia argia ere ezartzen du: nazioarteko komunitatea».

Hala ere, dokumentuaren inguruan azken egunotan izandako eztabaida ere gogoan izan du. Sindikatuen kritikak «zilegi» dira Baketik fundazioko kidearentzat, eta «ahalegin bat» eskatu du haien planteamendua ulertzeko, «kontuan hartuta euren kritikak ez doazela testuaren edukiaren aurka».

Ildo horretan, eta egitasmoak izandako ibilbideari begira, Fernandezek uste du atzo sinatutako testuak bakegintzaren oinarrizko ideiak biltzen dituela eta, beraz, bat datorrela Baketik fundazioak Bakerako Hezkuntza Planari egindako ekarpenarekin: «Gure planteamendua erabat uztartzen da, gure tesia beti izan delako giza duintasunak eta giza eskubideek izan behar dutela ardatz». Idatzia ez da perfektua, «norbere ikuspegitik beti falta dira gauzak», Fernandezen hitzetan: «Baina batzen gaituenari eman diogu garrantzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.