OTSOA EUSKAL HERRIAN

Aspaldi utzitako lurretara itzuli da otsoa, Bizkaira eta Arabara

Animalia Espainiatik sartu da herrialde horietara; Araban bi otso talde ugaltzaile badaude egun

edurne elizondo
IRUÑEA
2004ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Animalia enblematikoa. Haragijale handia. Aldekoak eta kontrakoak dituena; oso aldekoak eta oso kontrakoak. Halakoa da otsoa. 60ko hamarkadan ia erabat desagertu zen Euskal Herritik, baina itzuli da. Araban eta Bizkaian bizi da, eta datuek erakusten dute goranzkoa dela animalia horren populazioaren joera, urte osoan otsoaren kontrako uxaldiak egin arren.

60ko hamarkadan, uxaldiek, pozoiak eta zepoek bota zuten otsoa Euskal Herritik. 1981etik 1985era bitarte jasotako datuak abiapuntutzat hartuta egindako Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Ornodunen Atlasak desagertutzat jotzen zuen otsoa, baina Araban hainbat egon zitezkeela aipatzen zuen. 80ko hamarkadako otso bakanak talde bilakatu ziren 90eko hamarkadan, eta, egun, Araban bi otso talde ugaltzaile badirela azpimarratzen dute adituek, Gibijo, Salbada, Valderejo eta Badaiako mendietan. Bizkaian ere badago otsoa, Enkarterrin, Karrantzako ibarrean.«Sei-zazpi kide inguruk osatzen dute talde ugaltzaile bakoitza; zaila da Bizkaian eta Araban zenbat otso egon daitekeen erratea, zaila baita bakarrik daudenak zenbatzea; garrantzitsuagoa da populazioaren joeraz hitz egitea; otsoei dagokienez, goranzkoa da herrialdeotan», erran du Mario Saenz de Buruaga biologoak.Baliabide Naturalen Aholkularitza Enpresako buru da Saenz de Buruaga, Gasteizen. Bizkaiko eta Arabako diputazioek eskatuta, hor bizi diren otsoen jarraipena egiten du enpresa horrek.Araban eta Bizkaian bizi diren otsoak Espainiatik ailegatu dira Euskal Herrira; Kantabriatik eta Burgostik, hain zuzen. Otsoak ez baitu mugarik ezagutzen. Horregatik, azken bi urteotan Araban ugaldu diren otso taldeak Burgosen ugaldu ziren aurretik. «Eta gerta daiteke hurrengo urtean Burgosera itzultzea», azaldu du Jorge Etxegaraik, Euskadiko Otso Taldeko lehendakariak.Otsoa nondik etorri den badakite adituek, bai eta zergatik ere: «Otsoaren kontrako jazarpenak behera egin zuelako, batetik, eta, bestetik, basoak eta sasiak zabaldu zirelako. Basoen eta sasien zabaltze horrek orkatzak eta basurdeak ekarri ditu, otsoaren harrapakin nagusiak».

Otsoa, eztabaida iturri

Otsoa itzuli da, eta, otsoarekin batera, eztabaida. Ez nolanahiko eztabaida, gainera. Erdibiderik ez baitago otsoaren inguruan. Biologoentzat berri ona da otsoaren itzulera. Desagertutako espezie bat berez itzuli da lehengo lurraldeetara, eta pozgarria da. Abeltzainek, ordea, ez dute begi onez ikusten otsoa. Inoiz ez dute begi onez ikusi. Are gehiago, abeltzaintza eta otsoa bateraezinak direla azpimarratzen dute.

Administrazioak zer erran handia du otsoaren inguruko eztabaida horretan. Erakunde publikoek egindako lanarekin, ordea, ez daude denak kontent. Euskadiko Otso Taldeak azpimarratu du otsoa aintzat hartzen ez dela. «Ez da otsoa babesteko neurririk hartzen, eta EAEn dagoenik ere ez da onartu nahi. Mehatxatutako Espezieen Zerrendan ez da agertzen, baina ez da espezie zinegetikotzat hartzen ere. Otsoa harrapatzeko baimenak, ordea, urte osoan ematen ditu Arabako Foru Aldundiak». Iazko ekainean erditu berria zen otseme bat akabatu zuten Araban, Etxegaraik salatu duenez.Otsoa harrapatu ahal izateko mugak eskatu ditu, gutxienez, Euskadiko Otso Taldeak. Eta iritzi berekoa da Saenz de Buruaga ere. «Urte osoan uxaldiak emateko baimena ez da egokia, kontuan hartuta abeltzainek diru laguntzak jasotzen dituztela artzakurrak erosteko eta otsoak hildako ardiengatik». Biologoak, hala ere, ez du uste egiten dena baino gehiago egin daitekeenik. «Otsoak antzeko tirabirak sortzen ditu hemen eta Minnesotan. Abeltzainek ez dute ardi bakar bat ere galdu nahi». Artzakurrekin eta diru laguntzekin batera, abeltzaintzaren profesionalizazioa funtsezkotzat jo du biologoak.

-

Haragijale legegabea



 

Otsoa: zango luzea, buru zabala eta buztan eroria





Zail du otsoak bere inguruan osatutako kondaira beltzaren aurka borrokatzea. Nekazaritza guneetan, deabrua da, akabatu beharreko arerio nagusia.

Baina bere kondaira beltzaren atzean, askoz ere gehiago dago otsoari buruz errateko. Biologo eta naturazale askorentzat, animaliarik ederrena da otsoa. Enblematikoena. Askorentzat haragijale legegabea izan arren.Otsoa gertutik eta aske ikusi dutenek ez dute erraz ahaztuko irudi hori. Zango luzeak eta buru handia eta zabala du otsoak; buztana laburra eta eroria. Taldean bizi da, eta kideen arteko harremana hierarkikoa da.Hainbat ezaugarrik bereizten dute iberiar otsoa Europako gainontzeko otsoengandik: muturrean orban zuriak ditu, marra bertikalak eta beltzak aurreko hanketan, orban beltza buztanean, eta orban iluna bizkarrean.Legeari dagokionez, bitan zatituta dago Iberiako penintsula: Duero ibaitik behera babestuta dago otsoa; ibaitik gora, berriz, ehiza daiteke, Asturiasen izan ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.