ASTE BETE. Rubalcabaren bostehunak

Imanol Murua Uria.
2007ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Pedro Mari Goikoetxea, 65 urteko hernaniarra, Pausun (Lapurdi) egunero bezala paseatzen ari zela hartu zuen atxilo Frantziako Poliziak. Egun berean, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak orain egingo balira PSOEk PPri 2,3 puntuko aldea aterako liokeela jakinarazi zuen CIS inkesta etxeak. Eta, herenegun baita ere, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak PPri kritika gogorra egin zion: nola liteke AVTren manifestazioari sostengua ematea, Gobernuak gidatzen duen ETAren aurkako borrokarekin bat egin beharrean, legealdi honetan bostehun lagun atxilotu dituztenean, «ustezko etakideen eta kale borrokari lotutako gazteen artean».

Pedro Mari Goikoetxearekin, 501. Baltasar Garzon epaileak duela 11 urte, 1996an, auto baten bidez emandako aginduari erantzunez atxilotu zuten, ez armarik ez agiri faltsurik ez zuela, eta atzo atzera libre zegoen, epailearen erabakiaren zain gelditu behar izan duen arren, Kontxi Iglesiasek bezala, atzo bertan Baionan atxilotua eta gero aske utzia. 502.

Rubalcabaren argudioa -PSOEren hauteskunde argudioa- kopurua da. Berdin dio Goikoetxea eta Iglesias atxilotu orduko aske utzi badituzte, edo urri bukaeran eta azaro hasieran Donostian atxilotutako 11 gazteetatik sei aske utzi bazituzten -aske utzitako batzuei Segiko arduradunak eta hainbat kale erasoren erantzule zirela zabaldu ondoren-. Denak zakura. Izan ere, CISek2,3 puntuko abantaila eman dio PSOEri, baina aldi berean aldea jaten ari zaiola ohartarazi dio.

Orain, beste zazpi gazte dituzte inkomunikatuta, Iruñerrian astearte eta ostegun artean atxilotutakoak. 32 kale erasorekin zerikusia izatea leporatu zieten polizi iturriek eta, Vicente Ripa Espainiako Gobernuko ordezkariak esan zuenez, inputazioak egiteko «nahikoa froga» badu Poliziak. «Zertarako inkomunikatu dituzte orduan?», galdegin zuten arrazoi osoz atxilotuen senideek.

Galdera ugariko agerraldia egin zuen Joan Bidarten amak ere, herenegun. Alain Ducasse sukaldariaren Bidarraiko ostatuaren aurkako erasoarekin zerikusia omen zuen polizi operazioan atxilotu zuten Joan Bidart, Donibane Garazin, joan den irailean, beste hamalau gazterekinbatera. Bost espetxeratu egin zituzten, horien artean Bidart bera, 11 egunez atxilotuta epailearen aurretik pasa gabe eduki ondoren. Tulleko presondegian giltzapetu zuten, etxetik 460 kilometrora, beste euskal presorik gabeko kartzelan. Eta joan den igande gauean bere buruaz beste egiten saiatu zen. Atzo, baldintzapean aske utzi zuten, baina ospitale psikiatrikoan jarraitzen du. Ospitaleko medikuak amari esana omen: «Bere presondegiratzea ulertzen ez duen pertsona bat da».

Bitartean, Espainiako hauteskunde orokorrei begirako kanpainak bere bidea egingo du. Gaur AVTrekin joango da PP, Mariano Raxoi gabe bada ere, EAE-ANV eta EHAK legez kanporatzea eskatzeko. Manifestazio horri erantzunez esan zuen, hain zuzen ere, Rubalcabak bostehun atxilotuena. Eta kanpaina beraren barruan ETAren eta PSE-EEren arteko bilerarenalbistea eman dutenei erantzunez esan du, Espainiako Gobernuak ETArekin dituen harreman bakarrak Poliziak egiten dituen atxiloketak direla.

Martxoko hauteskundeak arte, gutxienez.



EPAIKETARAKO BIDEAN. Batasunarekin biltzen denik bada, dena den. Mahai Nazionaleko kideen artean oraindik espetxeratu ez dituztenekin, alegia. Ibarretxek esan berri du, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Batasunarekin biltzen jarraitzen duela, Batasunarekin biltzeagatik auzipetu duten arren. Galderari ihes egin zion, baina, Arnaldo Otegi presoa bisitatzera joango ote zen galdetu ziotenean. Mo Mowlanek imitatzaile gutxi ditu, nonbait, bazter hauetan.

Harremanak harreman -Barrenak zehaztu du informalak direla, negoziaziorik ez dagoela-, Ibarretxeren eta beste seien aurkako auzibidea bere bidea egiten ari da. Auzipetuen abokatuek aurkeztu dituzte norbere alegazioak, lekukoak ere proposatu dituzte eta, tartean ezer berririk gertatzen ez bada, epaimahaia osatzea izango da hurrengo pausoa -epaileen errefusatzeei buruzko erabakiak hartu ondoren-, ondoren ahozko epaiketarako eguna jartzeko.

Baina ezer berririk gerta daiteke, bitartean. Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor Salak osoko bilkura deitu du, gai garrantzitsuei buruz jurisprudentzia ezarri behar duenetan egin ohi duen bezala, fiskalaren akusaziorik gabe eta akusazio partikularrik gabe ahozko epaiketa egitea zilegi den edo ez erabakitzeko.Emilio Botin bankariaren aurkako auzian hartu behar du erabakia datorren abenduaren 3an Gorenak, baina egoera berberean dago Ibarretxe auzia, eta Goreneko Zigor Salak Auzitegi Nazionalaren erabakia berresten badu -auziaren artxiboa, Botinen absoluzioa-,ez Ibarretxe ez inor epaitu gabe buka liteke auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.