'zure ZIZTADA BEHAR DUGU'

Aste honetan BERRIAren aldeko bi ekimen izango dira

Villabonan etzi Martxelo Otamendik hitzaldi bat emango du eta ostiralean jaialdi bat izango da, eta Iruñean ostiralean, bertso merendua.

2013ko urtarrilaren 7a
09:02
Entzun

BERRIA Taldearen Zure ziztada behar dugu leloa duen egitasmoak ez du etenik 2013 honetan, eta aste honetan bi ekimen izango dira: Villabonan eta Iruñean.

Etzi eta ostirala, Villabona-Amasa

Etzi Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendarik hitzaldi bat emango du Villabona-Amasan, 19:00etan, Subijana Etxean (Mintzola). Ostiralean ere izango da ekimenik: BERRIAren aldeko jaialdia. Gurea antzokian bi saio egingo dituzte —19:30ean eta 22:30ean—. Parte hartzaileak: Oinkari dantza taldea, Lain musika taldea, Eresargi abesbatza, Eresargi gazteak, Loatzo musika eskola eta Harituz Tolosaldeko bertsozaleen elkargunea. 

Ekitaldiak Euskaran Ados Lan Mahaiak antolatu ditu, udalaren laguntzarekin.

Ostirala, Iruñea

Ostiralean BERRIAren aldeko bertso merendua izango da Iruñean, Zaldiko Maldiko kultur elkartean, 19:30ean, Julen Zelaieta eta Aimar Karrika bertsolariekin. Sarrera, doan.

BERRIAlaguna komunitatea indartzeko

"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko, eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea.

Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak dio egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.

Egitasmoak BERRIAlagunak bildu nahi ditu, milaka lagunen elkarlana bideratu nahi du proiektu honen inguruan. Jadanik ia 4.100 BERRIAlagun daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.